Lau positibo izan dira Orion azken hiru egunetan, eta Aian bat ere ez

Andoni Elduaien 2021ko mar. 15a, 14:00

Orion intzidentzia tasa 130,46tik 195,69ra igo da ostiraletik. Aurreko asteburuan 22 kasu positibo zenbatu zituzten eskualdean, joan berri den asteburuan baino kasu bat gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du pandemiaren inguruko txostena. Ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno probetan Osasun Sailak 23 kasu positibo hauteman ditu Urola Kosta eskualdean. Horietatik lau Orion izan dira: bana atzeman zituzten ostiralean eta larunbatean, eta bat atzo. Hala, intzidentzia tasa igo egin da 130,46tik 195,69ra. Aian, aldiz, ez da positiborik izan, eta tasa bere horretan mantendu da.

Zarautzen detektatu dituzte kasu gehien, bederatzi guztira –hiru kasu ostiralean, lau zapatuan eta bi igandean–. Intzidentzia tasak, gainera, gora egin du han, eta egun 201,31koa da zenbatekoa. Zumaian, bestalde, sei kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan, hiruna ostiralean eta zapatuan. Zumaian ere gora egin du intzidentzia tasak; izan ere, 101,76tik 132,29ra igo da zenbatekoa han azken hiru egunetako positiboen ondoren.

Azpeitian, ostera, hiru kasu positibo baieztatu dituzte azken hiru egunetan; bi kasu zenbatu zituzten ostiralean eta bat larunbatean. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak 210,25etik 190,54ra egin du behera ostiraletik. Getarian zenbatu dute eskualdeko beste kasu positiboa; atzo egindako probetan atzeman zuten kasua. Intzidentzia tasa, halere, jaitsi egin da han, eta 141,34an kokatu da zenbatekoa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik atzeman. Intzidentzia tasa berdin mantendu da Beizaman ere, baina behera egin du eskualdeko gainerako herrietan.

300 kasuren azpitik

Atzo, igandea, 286 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.348 test egin zituzten, eta guztira 246 positibo zenbatu zituzten. Bizkaian 136 kasu atzeman zituzten, 66 Gipuzkoan eta 41 Araban; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru laguni ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa hiru lurralde horietan %4,6koa izan zen. Nafarroan, bestalde, 946 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta guztira 40 kasu positibo zenbatu zituzten; positibotasun tasa %4,2koa izan zen han.

Ospitaleen egoeraren berri eman du Osakidetzak txostenean. Egun 236 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; atzo, gainera, hamalau lagun ospitaleratu zituzten. Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, aldiz, 97 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, halaber, behera egin du hamarren bat, eta 1,01ean kokatu da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!