Aian eta Orion ez da kasu positiborik izan azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 18a, 13:36

Intzidentzia tasak behera egin du Orion, eta berdin mantendu da Aian. Osakidetzako erietxeen egoerak hobera egin duen arren, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasak altua izaten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusari buruzko datu eguneratuen txostena. Orion eta Aian, beste egun batez, ez da emaitza positiborik izan. Orion behera egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: 179,39koa zen atzo, eta 163,08koa da une honetan. Dena den, eremu horian jarraitzen du herriak. Aian, ordea, berdin mantendu da intzidentzia tasa, eta 151,13koa da gaur ere.

Atzoko emaitzei erreparatuta, kasu positiboak bikoiztu egin dira Urola Kosta eskualdean: hamalau kasu positibo berri baieztatu dituzte. Atzo, Zarautzen detektatu zituzten kasu positibo gehien: zortzi kasu guztira. Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 205,59tik 239,86ra igo da. Bestalde, Zumaian bezala, azken orduetan bina kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Azkoitian intzidentzia tasak behera egin du, eta 83,45ekoa da orain. Azpeitian, berriz, behera egin du tasak eta 157,69koa da zenbatekoa. Zumaiarekin batera, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duten herriak dira Zarautz eta Azpeitia.

Eskualdeko beste herrietan atzoko probetan ez dute kasu positiborik atzeman. Zestoan intzidentzia tasak, ostera, behera egiten jarraitzen du, eta 256,81ekoa da zenbatekoa egun.


500 kasuren azpitik

Atzoko probetan, herenegungoetan baino kasu positibo gutxiago hauteman dituzte Hego Euskal Herrian. 500 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte; 479 guztira. 8.907 test egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 410 positibo detektatu dituzte. Positibotasun tasa %4,6an kokatu da hiru lurralde horietan. Lurraldeen arabera, atzoko probetan 82 kasu baieztatu dituzte Araban, 191 Bizkaian eta 133 Gipuzkoan; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau laguni ere positiboa detektatu diote. Nafarroan, aldiz, 1.788 PCR eta antigeno test egin zituzten atzokoan, eta 69 kasu positibo hauteman dituzte; positibotasun tasa %3,9koa izan da, beraz, Nafarroan.

Ospitaleen egoerak, bestalde, hobera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, Osakidetzako erietxeetan martxoko daturik baxuena izan dute ospitaleratuei dagokienean; guztira 210 herritar daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua ere martxoak orain arte eman duen baxuena izan da, 93 lagun baitaude ZIUn. Halere, oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak altua izaten jarraitzen du. Une honetan 1,10ekoa da zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta markatzaile horren arabera, COVID-19a duen pertsona batek lagun bat baino gehiago kutsatu dezake.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!