ELKARRIZKETA

"Aurreikusi nahi dugu garuneko minbizia duten pertsonek ebakuntzaren ondoren zer eboluzio izango duten"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko mar. 20a, 14:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Ileana Quiñones (Habana, Kuba, 1981) kubatarra duela hamar urte iritsi zen Euskal Herrira doktoretza tesia amaitzera, eta BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language-n ikertzaile koordinatzailea da. Orioko bizilagunak garuna aztertzen du, eta gaur egun proiektu berritzaile batean parte hartzen ari da Biocruceseko neurozirujauekin elkarlanean. Martxoko KARKARA aldizkarian elkarrizketatu dugu.

BCBLn lan egiten duzu. Zein da zentro horren helburua?
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentro bat da, eta kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko sortu zuten. 2000. urteko lehen hamarkadan ikerketa asko egin ziren mundu mailan elebitasunak garunean zuen onura ezagutzeko, eta ez da kasualitatea mota horretako zentro bat hemen sortzea. Izan ere, euskaldunak, jaiotzen direnetik, bi hizkuntzarekin harremanetan izaten dira, eta horrek aukera ematen du elebitasuna sakonago aztertzeko. Hamaika urtetan zehar, proiektua sendotzen eta aberasten joan da, munduko hainbat txokotatik etorri diren ikerlariek eskaini dituzten lan eta ikuspuntu anitzei esker, eta gaur egun, elebitasuna aztertzeaz harago, garuna aztertzen dugu bere osotasunean. Horrek aukera ematen digu hainbat esparrutan sakontzeko: aztertzen dugu haurrek nola ikasten dituzten hizkuntzak eta horrek zer eragin duen garunean, eta baita ere ezagutu nahi dugu zein den jaiotzatik bi hizkuntza ikasteak haurren garapen integralean duen eragina. Horrez gain, pertsona helduen garunak ere aztertzen ditugu, ezagutzeko nola dauden banatuta trebetasun kognitiboak garunean zehar. Garuneko eremu jakin batean, esaterako, sorkuntzarekin lotutako trebetasunak lantzen dira, eta ikusi dugu arlo hori garatuta duten pertsonek desberdin prozesatzen dituztela gainerako gaiak ere.

Hainbat ikerketa lerro jorratzen dituzue BCBLn. Zer arlotan espezializatu zara zu?
Nik garuneko minbizia duten pazienteekin lan egiten dut, ezagutzeko zer gertatzen den euren buruan minbizia agertzen denean eta nola berrantolatzen den garuna lesio horri aurre egiteko. Horretarako, jarraipen pertsonalizatua egiten diegu pertsona horiei minbizia diagnostikatzen dieten unetik, ebakuntza egin eta urtebetera bitartean, beren garapena zein den ezagutzeko, eta garunaren egokitze mekanismoak aztertzeko.

Noiztik ari zara BCBL zentroan lanean?

Zentroa sortu zen 2010ean eta ni 2011n iritsi nintzen bertara. Ikerkuntza zentroko zuzendari Manuel Carreiras ezagutu nuen munduko hainbat herrialdetan gaiaren inguruan antolatzen diren mintegietan topo egiten genuelako. Bilgune horietan zientzialariok gure ikerketa lerroak azaltzen ditugu. Ni une hartan doktoretza tesia egiten ari nintzen Cuban eta Eskozian, eta Donostian amaitzea proposatu zidan. Hona etorri nintzenean Euskal Herriaz maitemindu nintzen, eta hemen geratu ginen bizitzen.

Imajinatzen dut ibilbide luzea egin behar izan duzula gaur egun duzun mailara iristeko.
Biologia ikasi nuen Kuban. Han bertan egin nuen masterra neurozientzia kognitiboen arloan, eta espezializatu nintzen garuna neuroirudien bidez aztertzen. Garai hartan ezagutu nuen Glasgoweko [Eskozia] neuroirudien ikerketa zentroko zuzendaria, eta hark proposatu zidan doktoretza tesiaren zati bat Eskozian egitea. Urtebetez egin nuen nire ikerketa lana Eskozian, eta ondoren, Habanara itzuli nintzen BCBLren oso antzeko zentro batean lan egitera. Kubako lagunek galdetzen didatenean, esaten diet egin dudan gauza bakarra aulkia tokiz mugitzea izan dela. Dena dela, doktoretza tesia Euskal Herriko Unibertsitatean amaitu nuen, eta zentroaren espezialitatea hizkuntzen azterketa zenez, lau urtez hizkuntzen arloan ere espezializatzen aritu nintzen. Hori dela eta, gaur egun neuroirudien bidezko azterketan eta hizkuntzen arloan espezializatuta nago.

Zientzialariok etengabeko ikaskuntza prozesuan murgilduta zaudete, beraz.
Bai, gure lanaren parte da. Europako Batasunak ikerketa zientifikoak finantzatzeko diru poltsak ditu, eta zientzialariok proiektuak aurkezten ditugu deialdi horietara, gure ikerketa zientifikoa garatu ahal izateko. Beraz, horrek eskatzen digu etengabe ikertzen, ikasten eta ideiak garatzen aritzea.



Zure ikerketa lerroan, esaterako, ba al duzu helburu jakinik markatuta?
Kuban lan egin nuen zentroan ikerketa translazionala jorratzen zen, hau da, ikerketak egiten genituen horiek aplikatu eta gizartean ekarpena egiteko, azken nean, hori baita zientzialari guztion helburua. Dena dela, BCBL nahiko zentro berria da, eta Eusko Jaurlaritzak sortu zuen oinarrizko ikerketa egiteko, etorkizunean ikerketa translazionala egin dezan, baina prozesu horretan gaude oraindik. Guk, esaterako, sortu nahi dugu tresna bat aurreikusteko garuneko minbizia duten pertsonek zein bilakaera izango duten ebakuntzaren ondoren, eta nahi ditugu sortu erreminta pertsonalizatuak garuna birgaitzeko. Izan ere, kasu bakoitza mundu bat da; batetik, minbiziak garuneko zonalde desberdinetan eragin dezakeelako eta horrek baldintzatzen duelako pazienteen egunerokoa, eta, bestetik, garuneko minbiziak desberdin eragiten diolako pertsona bakoitzari. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da aurreikustea zein izango den gaixo horien eboluzioa, informazio horrek etorkizunean eragingo dieten erabaki garrantzitsuak hartzen lagundu diezaiekelako: ebakuntza egin ala ez erabakitzeko, esaterako.

Nola ikertzen duzue hori?
Lehen esan dudan bezala, ikerketak pertsonalizatuak izaten dira. Gaixoek urteak pasa ditzakete inolako sintomatologiarik izan gabe, baina gerta daiteke bat-batean buruko min handi bat sentitzea edo epilepsia krisi bat ematea. Orduan, neurokirurgia zerbitzutik BCBLra bideratzen dituzte eta hemen garunaren azterketa sakona egiten diegu; normalean bi egun oso pasatzen dituzte. Lortzen ditugun datu horiekin guztiekin puzzle antzeko bat osatzen dugu, ezagutzeko zein zonalde dauden kaltetuta eta zer egin dezakegun ebakuntzan zehar. Izan ere, oso proiektu berezia da, ebakuntza egiten den bitartean pazientea esnatu egiten delako eta nirekin batera hainbat ariketa egiten dituelako. Ariketa hauek ebakuntzaren aurretik eta ebakuntzan zehar egiten ditu pazienteak: kalkulu matematikoak, hitzak irakurri, esaldiak sortu, marrazkiak izendatu... Horrela, mapatu dezakegu garuna zuzenean, eta ikus dezakegu garuneko zein zonalde dauden kaltetuta eta zein dauden ondo; horrela, atera dezakegu ahal dugun tumore kantitate handiena, ondo funtzionatzen duten zonaldeak bere horretan utziz, eta ekiditen ditugu ebakuntzak sortu ditzakeen ondorioak.

Adibidez, aztertu dugun azken kasuari urtebetez egin genion jarraipena. Ebakuntza egin zioten 2019ko maiatzean, eta orain berriz ere tumorea agertu zaio eta bigarrenez sartu da operazio- gelan. Harrigarria da egoera desberdinetara egokitzeko garunak duen malgutasuna, baina pertsona batetik bestera egokitze gaitasuna aldatu egiten da, eta pertsona bakoitzaren bizitza esperientziak zuzenean eragiten du malgutasun horretan; adibidez, frogatuta dago zenbat eta gehiago ikasi edo hizkuntza gehiago jakin, handiagoa dela egokitzeko gaitasuna. Aurretik aipatu dudan paziente hori, esaterako, 40 urte inguruko mutil bat da; oinarrizko ikasketak ditu, eta mekanikaria da. Azterketa egin genion lehen unean ohartu ginen ikaragarrizko gaitasuna zuela, eta nahi izan balu NASAko ingeniaria izateko gaitasuna ere bazuela. Azterketak egiterakoan, pazienteak konparatzen ditugu lesiorik gabeko pertsonekin, eta mutil honek, tumore batekin ere, froga guztietan lesiorik gabeko pertsonen batez besteko mailatik gorako emaitza lortu zuen. Sintomatologia arina izan du, eta oso ondo errekuperatu da ebakuntzatik bi kirurgietan.

Proiektua egiteko jakintza arlo anitzeko taldea duzue, beraz.
Mota horretako ebakuntzak hiru tokitan egiten dira Espainian: Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon. Hasiera batean, ez zegoen arlo horretan espezializatutako zirujaurik Euskal Herrian, baina Madrilgo aditua etortzen da hona Biocrucreseko departamenduko neurozirujau burua eta gainontzeko neurozirujauak formatzera. Bi arlotan banatutako kideok osatzen dugu taldea: batetik, Biocruces Ikerketa Institutuko bi neurozirujauek eta, bestetik, BCBLko bi ikerlari koordinatzaileok eta hemen lanean ari diren bekadunek.

Aipatu nahi dut kasualitatez sortu zela proiektua. Txilen bizi diren euskaldunen komunitateak jardunaldi batzuk sortu zituen, eta arlo desberdinetako adituak gonbidatu zituzten bertara, tartean Manuel Carreiras BCBLko zuzendaria. Hasiera batean, zientziarekin harreman handirik ez zuen kultur arloko ekimena bazen ere, Carreirasek hegazkinean ezagutu zuen topaketara gonbidatu zuten neurozirujau bat; norberaren lan esparruaz hitz egiten hasi ziren, eta horrela sortu zen proiektua. Txiletik bueltatu zenean, Carreirasek proiektuan parte hartu nahi nuen galdetu zidan, eta bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman nion, oso interesgarria iruditzen baitzait.



Azken urtean, COVID-19a dela eta, komunitate zientifikoaren lanean arreta handia jartzen ari dira komunikabideak eta gizartea. Atzeman al duzu zuen lana gehiago baloratzen dela?
Egia esan, ez. Ikerketa zientifikoaz gehiago hitz egiteak ez baitu esan nahi horri garrantzi handiagoa ematen zaionik. Zenbaitek diote diru gehiago inbertitzen dela zientzian, baina ni oso eszeptikoa naiz. Guri, esaterako, izurrite garaian kendu egin digute Espainiako Gobernuak bikaintasuna aitortzeko ikerketa zentroei ematen dien Severo Ochoa kondekorazioa. Hori ez da gertatu gure maila gutxitu delako, ikerketa zientifikora bideratzen zituzten fondoak koronabirusaren azterketara bideratu dituztelako baizik. Hau da, erakundeak ez dira ari zientzian gehiago inbertitzen. Minbiziaren aurkako elkarteak, esaterako, kanpaina bat abiatu du gainontzeko patologiak ikertzen jarraitzea ere ezinbestekoa dela aldarrikatzeko. Izan ere, gizartea orokorrean ez da jabetzen ikerketa zientifikoak duen garrantziaz, beharra duten arte.

Kubako errealitatea ondo ezagutzen duzu. Uste duzu han gehiago inbertitzen dela zientzian?
Kuban oso ikuspegi desberdina dute. Hemen, ikerketa zientifikoan pisu handiagoa du ekonomiak. Nik nire ibilbidean zehar zortea izan dut, beti besoz beso lan egin dudalako ikerketa zentroetako zuzendariekin eta horiek beren lanarekin konpromiso handia duten pertsonak direlako, baina Kuban formatu ninduten zientzialaririk bezalakorik ez dut inon aurkitu. Hamabost herrialde baino gehiagotako ikerketa zentroak ezagutu ditut, eta Kubako zientzialariek ikerketarekiko eta gizartearekiko duten konpromisoa ez dut beste inon topatu. Kuban oso barneratuta dugu gizarteak gu formatzeko egin duen ahalegina eta uste dugu itzuli egin behar dela gure ekarpentxoa eginez. Are gehiago, uste dut Kuban jaso nuen formazioari esker lortu dudala BCBL bezalako ikerketa zentro garrantzitsu batean tokia egitea, eta oso eskertuta nago. Horregatik, hemen ere saiatzen naiz loso a hori jarraitzen, eta behar den denbora guztia eskaintzen diet nire ikasleei, baita nire lana egiten goizaldera arte gelditu behar badut ere.

Zientzia gizonezkoen esparrua dela uste izan da mendeetan zehar. Zuk ere pertzepzio hori al duzu?
Datuak aztertzen baditugu, emakume gehiago iristen dira unibertsitatera, baina doktoretza ondorengo ikasketetan gehiago dira gizonezkoak. Ni neu pribilegiatua sentitzen naiz, beti lan egin dudalako ikuspegi feminista duten pertsonekin, nahiz eta gehienak gizonak izan. Dena dela, egia da, lan egin dudan zentro guztiak gizonezkoek zuzendu izan dituztela, baina pertsona horiek ez naute inoiz baztertu emakumea izateagatik. Are gehiago, BCBLn ama izan naiz, eta erraztasun guztiak eman dizkidate bi esparruak kontziliatzeko, eta semeak nirekin eramaten ditut munduan zehar egiten diren mintegietara. Nire doktoretza tesia aurkeztu behar nuen egunean, esaterako, erditzeko jarri nintzen. Tribunala osatzen zuten adituak dagoeneko Donostian ziren, eta BCBLko zuzendari Manuel Carreirasek azaldu zien garaia baino lehen iritsi zela haurra, ezin nuela tesia aurkeztu eta hurrengo urtera atzeratu beharko genuela. Urtebete geroago aurkeztu nuen tesia: bost ordu inguru iraun zituen. Nire azalpenen ondoren tribunaleko kideek bileratxoa egin zuten, beren ondorioak adosteko, eta garai hartan haurra edoskitzen ari nintzenez, umeari bularra eman nion tartetxo batean. Halako batean, ordea, sartzeko eskatu zidaten, eta ume eta guzti sartu behar izan nuen. Ni urduri nengoen, baina Carreirasek lasaitu ninduen, esanez edoskitzea munduko gauzarik normalena dela, eta ez dela horregatik lotsatu behar. Hala, umeari bularra ematen ari nintzen bitartean izendatu ninduten doktore.

Esan ohi da neska askok zientzia ez dutela aukera moduan ikusten. Zuk argi izan al zenuen zientzia arloan lan egin nahi zenuela?
Uste dut tokian tokiko kulturak guztiz baldintzatzen duela bertako haur eta gazteen heziketa. Nik ez nuen sentitzen zientzia gizonezkoen arloa zenik, agian Kuban hezi nintzelako izango da. Han oso garrantzitsua da formazioa, eta haurrak oso txikiak direnetik bultzatzen dira ikastera. Nire ama haur hezkuntzako irakaslea zen, eta nire aitak batxilergora arte ikasi zuen eta hainbat lan egin zituen bere ibilbidean zehar. Dena dela, eurentzat oso garrantzitsua zen beren seme- alabek ikastea, batez ere nik ikasketak egin eta etorkizun oparoa izatea. Gogoan dut 5 urte nituenean aitarekin parke teknologikoaren aurretik pasa nintzela kotxez eta esan zidala bertan lan egiten zuten gizon eta emakumeak oso-oso garrantzitsuak zirela; buruan geratu zitzaidan betirako. Beti esan zidaten nahi nuena lor nezakeela, eta halaxe egin nuen. Kubak baditu alderdi txarrak, baina bertan jasotzen dugun formazioa eta heziketa bikaina da. Ni naizena naiz, Kuban jaio nintzelako eta bertan ikasteko aukera izan nuelako.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!