Aian eta Orion ez dute kasu positiborik baieztatu azken orduetan

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 23a, 13:46

Behera egiten jarraitzen du Orioko intzidentzia tasak, eta 130,46koa da gaur-gaurkoz. Eskualdean zortzi kasu berri atzeman dituzte atzotik.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, Aian eta Orion ez da kasu positiborik izan azken orduetan. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa beherantz doa Orion, hortaz: 163,08koa zen aurreko ostegunean, 146,77koa atzo eta 130,46koa da une honetan.

Eskualdeko herrietan guztira zortzi positibo zenbatu zituzten atzo: erdiak Azpeitian, hiru Zestoan eta bat Zumaian. Horrenbestez, hiru herri horietako intzidentzia tasek zertxobait gora egin dute. Azpeitiak 170,83koa du, Zestoak 231,12koa eta eta Zumaiak 183,17. Dena dela, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek eremu horian jarraitzen dute gaur-gaurkoz, arrisku maila altua adierazten duen 500eko intzidentzia tasatik urrun beraz.

Aipatzekoa da, gainera, Zarautzen ez zutela kasu positiborik atzeman atzoko. Azken egunotan gorazko joera hartua zuen hango intzidentzia tasak, ostegunetik atzora bitartean hamasei positibo baieztatuta, baina atzoko emaitza onek joera hori hautsi egin dute, eta zertxobait jaitsi egin da hango tasa: 269,84koa da egun. Jaitsierak jaitsiera, eskualdeko tasarik altuena du.

Eskualdeko gainontzeko herrietan, Aian eta Orion bezala, ez zuten positiborik hauteman atzo, eta 200dik beherako intzidentzia tasak dituzte guztiek.

Hego Euskal Herrian, 500dik gora

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa atzemateko 11.878 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 552k eman zuten positibo; %4,6k. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,5ekoa da eta Nafarroakoa %5,2koa. 

Lurraldeka, Bizkaian baieztatu zituzten kasu berri gehien: 206. Nafarroan 117 zenbatu zituzten, Gipuzkoan 114 eta Araban 110.

Ospitaleetako egoerari dagokionean, berriz, datuak gorabeheratsuak dira. Atzo 48 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, aspaldiko gehien, baina Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dagoen herrietaren kopuruak jaitsiera adierazgarria izan du: 81 daude egun, eta bederatzi gehiago zeuden bezperan. Guztira koronabirusa duten 321 lagun daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!