Aiako eta Orioko banderak ere, Realarekin Sevillara

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 23a, 13:43

Realaren autobus ofiziala gaur goizean pasa da Oriotik aurrena eta Aiatik segidan, bi herrietako banderak hartu, eta trukean Realarenak uzteko. Bi alkateak eta hainbat zinegotzi agertu dira ekitaldi sinbolikora, eta Aian, baita LH3. mailako ikasleak ere. Pozarren gelditu dira, Realeko gizonezkoen poster bana jasota. 

Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala Sevillan (Andaluzia, Espainia) jokatuko dute apirilaren 3an. Ikuslerik gabe egingo dute, eta hori dela eta, Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutun bat helarazi zien Gipuzkoako udalerrietako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. Jokalariek herriaren berotasuna senti dezaten, herrietako banderak eraman nahi ditu taldeak finalera.

Hala, Gipuzkoako futbol talde nagusia lurralde osoa zeharkatzen ari da udalerri guztietako ordezkariekin banderak trukatzeko —udalerri bakoitzekoa eta futbol taldearena—, eta gaur, asteartea, 09:10 pasatxo iritsi da Realaren autobus ofiziala Oriora. Anuska Esnal alkateak eman die herriko banderaren erreplika bat Realeko presidenteorde Joseba Ibarbururi eta Mitxel Loinaz jokalari ohiari. Ekitaldia ikusten izan da hainbat zinegotzi ere.

Kuriositate modura, aipatzekoa da oriotarrek emandako bandera ez dela zuria, horia baizik.

Bestalde, alkateak KARKARAri azaldu dio kolore horia hautatu duela udalak  "Imanolek [Alguacil], urrunetik bada ere, herriaren berotasuna senti dezan bandera horren atzean". "Futbolaz harago, herriko pertsona bat horrelako mailara iristea eta, batez ere, horrelako balioak sustatzen dituen pertsona batek–umiltasuna, lana– uste dut bete-betean ematen duela herriak eta udalak transmititu nahi dituen balioekin. Goraipatzeko baloreak direla iruditzen zait, eta herriko umeentzat erreferente". 

Aian umeen ilusioa

Oriotik Aiara egin dute Realaren autobusak eta ordezkariek, eta han ere Nekane Arrizabalaga alkateak egin du bandera trukea. Ez da izan Realari harrera egin dion bakarra, ordea: LH 3.mailako ikasleak ere hantxe izan dira, eta pozarren igo dira Realeko gizonezko jokalariek erabiltzen duten autobusera. Sartu-irtena egin, eta Realeko poster bana jasota itzuli dira ikastetxera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!