Fraisoro sehaska-etxeko historia, gaztelaniaz ere irakurgai

Iñigo Gaiton 2021ko mar. 25a, 11:48

Eva Garciak ‘Mujeres de barro, infancias de cristal’ liburua eman du argitara. 2011. urtean plazaratu zuen ‘Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak’, eta gaztelaniara itzuli du, jendearen interesak bultzatuta. 

Argazki zahar batek piztu zion Eva Garciari gaian murgiltzen hasteko interesa. 2006 urtea zen orduan, eta Aiurri hedabidearentzat lanean ari zela egin zuen topo Fraisoro etxeko fotoarekin. «Harrituta geratu nintzen irudiaren eta etxearen ederrarekin, eta horrela hasi nintzen hariari tiraka», hasi da hizketan. 

1903tik 1994ra bitartean, Zizurkilgo Fraisoro etxea aterpea eta bizitokia izan zen Gipuzkoako haur abandonatuentzat  (erregistro zibilean “guraso ezezagunak” lelopean inskribatzen ziren umeentzat), baita ama ezkongabeentzat ere. Garciaren hitzetan, 12.000 haur eta ia 3.500 emakume pasatu ziren handik, eta derrigorrean, Gipuzkoan pisua izan zezakeen aztergaia zela iruditu zitzaion. «Larramendi Kultur Bazkuna erakundeak emandako bekari esker egin nuen liburua. 2007an hasi ginen artxiboetan arakatu ahal izateko baimenak lortzen, eta denbora asko joan zitzaigun horretan. Gero, materiala ikertzen eta Fraisororekin harremanen bat izan zuen jendeari elkarrizketak egiten jardun nuen. Azkenean, 2011an eman genuen argitara liburua». 

Egilearen hitzetan, harrera oso ona izan zuen hasieratik, eta berehala hasi zen gaztelaniaz ere plazaratzeko eskaerak jasotzen. «Euskal hiztun petoak izanagatik, adindu askok zailtasun handiak izaten ditu euskaraz irakurtzeko, eta interesa agertu dutenak dezente izan dira; horrek bultzatu gaitu, nagusiki, itzulpena plazaratzera. Bestalde, jatorrizko liburuaren ale guztiak saldu ziren, eta hori ere bada zerbaiten adierazgarri». 

Martxoaren 12an aurkeztu zuen Garciak ‘Mujeres de barro, infancias de cristal’ liburua Donostian. Egilea eskertuta agertu da Larramendi Bazkunak egin duen ahaleginarekin. «Gaztelaniazko bertsioa argitaratzeko egin duten apustua handia da, kultur sektoreak orain duen egoera kontutan izanik». 

Gaurkotasunarekin lotura
Duela hamar urtetik gora idatzitako testuekin berriz biltzeko aukera izan du Garciak. Oraingo talaiatik atzera begiratu du itzulpen prozesuan, eta eduki batzuk berrantolatu ditu liburu berrian. Izan ere, egilearen hitzetan, Aspaldiko kontuak dira Fraisorokoak, baina gaurkotasun handia dute. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan  2005ean onartu zitzaien herritar guztiei jatorri biologikoa ezagutzeko eskubidea, eta azken urteotan jende askok egin du hori argitzeko saiakera. Bere garaian, ordea,  ama ezkongabeek anonimotasuna legez bermatua zuten. Hala, denboran kontrajarriak diren bi eskubidek talka egiten dute, eta egoera zailak tokatu izan dira», azaldu du. 

2011an liburua argitaratu zuenetik gaurdaino, halako kasuak gertutik ezagutzeko aukera izan du Garciak, eta Fraisoroko kontestua hobeto ulertu dadin, azken urteotan bildutako ekarpenak gehitu ditu gaztelaniazko bertsioan. 

Egileak dioenez, XX. mende hasierako gizarteak zuen arazo potolo bati irtenbidea bilatzeko sortu zuten Fraisoro etxea, eta berarentzat, irtenbidea duina izan zen, orduko egoera sozial, ekonomiko eta erlijiosoa kontutan izanik. «Aurreiritzi handiekin heldu nion gaiari, eta ikerketetan aurrera egin ahala, ohartu nintzen Fraisoron kudeaketa txukun samarra egin zela, aukeran zeuden baliabideak kontutan hartuta. Kritika asko egin zaizkio etxeari, baina nire ustez, benetako arazoa kanpoan zegoen, jendartean; pobreziak batetik, eta erlijioak, bestetik,  zuten pisuagatik, ama ezkongabeak eta kondizio horietan jaiotako haurrak oso-oso gaizki tratatuak eta baztertuak izan ziren gizartean. Hori zen arazoaren benetako sorburua, eta horregatik uzten ziren umeak han, askotan, familia buruek —gizonezkoak, gehienetan— hala behartuta. Pedagogia pixka bat ere egiten saiatu naiz liburuan». 

Liburuarekin batera, bidea
«Bide interesgarria» egin du Garciak liburuarekin batera. 2011tik gaurdaino izan dituen hizketaldiei esker, berretsi egiten ditu euskarazko liburuan idatzitakoak. «Niretzat aurreneko ikerketa izan zen hura, lehen esperientzia. Liburua plazaratu zenean, zerbait galdu izanaren beldurra sartu zitzaidan, edo gaien bat oker azaldu izanarena. Zorionez, azken urteotan lehen eskuko lekukotzekin ikusi dut norabide zuzenean egin genuela lan, eta hori berresteko aukera eman dit orain gaztelaniazko itzulpena egin izanak». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!