Orio itxita egongo da bihartik aurrera, 550,54 intzidentzia tasarekin eremu gorrian sartu eta gero

Aiora LarraƱaga - Aitziber Arzallus 2021ko api. 12a, 14:09

9 positibo detektatu dituzte Orion ostiraletik igandera egindako frogetan, eta bihartik aurrera neurri murriztaile gehiago izango ditu herriak. Aian, aldiz, ez da positiborik izan asteburuan. Bestalde, Gipuzkoa ere itxita egongo da.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, Orion 9 positibo detektatu dituzte azken hiru egunetan. Hala, intzidentzia tasa 550,54raino igo da, eta eremu gorrian sartu da herria. Aiari dagokionez, ez da positiborik izan azken egunetan egindako frogetan.

Eskualdeari dagokionez, azken asteko joerari eutsiz, nabarmen egin dute gora kasuek Urola Kostan. Ostiraleko, larunbateko eta igandeko datuak aintzat hartuz gero, guztira, 136 positibo berri atzeman dituzte asteburuan eskualdean.

Azken hiru egunetan Zarautzen eta Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien, 49na hain zuzen ere. Azkoitia, esaterako, eremu gorrian dago pasa den astearteaz geroztik, eta azken egunetako positiboak kontuan hartuta 917,97koa da intzidentzia tasa herri horretan. Zarautz ere gogor kolpatu du izurriteak eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da. Bertako intzidentzia tasak 400eko langa igaro zuen pasa den astean, eta gaur-gaurkoz 621,06koa da tasa herri horretan.

Zumaia eremu laranjan dago eta 400eko langara gerturatzen ari da; asteburuko zazpi positibo berrirekin, 376,51koa da intzidentzia tasa. Eremu horian dago Azpeitia, baina, hamazazpi positibo atzeman dituzte ostiraletik eta igandea bitartean herri horretan eta 262,81ekoa da intzidentzia tasa. Bestalde, lau positibo berri atzeman dituzte Getarian.

2.500 kasutik gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuei dagokienean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako 26.602 proba egin zituzten ostiraletik eta igandera bitartean, eta horietatik 2.270k eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien asteburuan (1.076), baina Gipuzkoan ere gora egin du kutsatu kopuruak, hiru egunetan 894 kasu berri baieztatu baitituzte; Araban, berriz, 289 izan dira. Nafarroako Gobernuak ez ditu eman datu eguneratuak, baina, ostiraleko eta larunbateko datuak kontuan hartuta, 515 kasu berri izan dituzte.

Erietxeetan ere gora egin du paziente kopuruak eta datuak ere kezkagarriak dira. Hala, asteburuan 212 lagun ospitaleratu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetaneta atzo 115 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean. Nafarroan, bestalde, azken egunetan 31 lagun ospitaleratu dituzte (Nafarroak ez ditu eman igandeko datuak) eta horietatik sei ZIUn.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!