Bost positibo izan dira Orion azken orduetan, eta bat ere ez Aian

Julene Frantzesena 2021ko api. 13a, 13:37

587,08 da tasa Orion, eta gaur sartu dira indarrean herrian Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian dauden udalerriei ezarritako neurri murriztaileak.

Eusko Jaurlaritzak eman ditu izurritearen gaineko datu eguneratuak, eta horien arabera, Orion bost positibo izan dira azken orduetan. Hala, intzidentzia tasa 587,08ra igo da, eta herria eremu gorrian sartuta dago. Gaur, asteartearekin, sartu dira indarrean herrian aparteko neurri murriztaileak. Aian, aldiz, ez dute positiborik atzeman atzo egindako frogetan.

Zumaia ere eremu gorrian diren herrien zerrendara batu da gaur, asteartearekin. 400eko intzidentzia tasaren mugan zen atzo kostaldeko herria, eta Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako datuen arabera, aise gainditu du muga hori: 468,1. Dena den, eremu gorrian diren herrien zerrenda ez dute eguneratuko datorren astera arte –astean behin, astelehenetan, jakinarazten du zerrenda Jaurlaritzak–, eta beraz, gaur-gaurkoz, ez dute neurri murriztailerik ezarriko Zumaian.

Azkoitia (976,38 da tasa) eta Zarautz (646,76 da tasa) ere eremu gorrian dira atzotik, eta herri horietan neurri murriztaileak ezarri egin dituzte; besteak beste, herri horietako biztanleek ezingo dute herritik atera, salbuetsitako kasuetan izan ezik. Eskualdean, gainera, badira, 400eko intzidentzia tasa gaindituta duten baina eremu gorrian ez diren herriak ere, hala nola Aia (403,02 da tasa) eta Getaria (883,39 da tasa).

Koronabirusaren hedapenak ez du etenik azken asteetan, eta horren erakusle dira, hain zuzen ere, Osasun Sailak eman dituen datuak. Urola Kostako herrietan 44 kasu atzeman dituzte azken orduetan: hamar Zarautzen, bederatzina Zumaian eta Azkoitian, zazpi Azpeitian, hiru Getarian eta bat Errezilen. Kopuru horiek tarteko, intzidentzia tasak gora egin du herri gehientsuenetan: Azpeitian, esaterako, oraindik hori kolorekoa da semaforoa, baina pixkanaka gora ari da egiten, eta tasa 295,66 da egun.

896 positibo Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 896 lagunek eman zuten positibo atzo gauzatutako 11.541 PCR eta antigeno probetan. Horietatik 106 positibo atzeman zituzten Araban, 298 Bizkaian, 315 Gipuzkoan eta 170 Nafarroan; gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi lagunek ere eman zuten positibo Osakidetzak eta Osasunbideak egindako testetan. Atzoko datuen arabera, %7,8 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa, eta %7,7 Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ere okerrera egin du. Izan ere, atzo 104 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –aspaldiko daturik altuena–, eta Osakidetzak emandako datuen arabera, orotara 430 lagun –bezperan baino hamar gehiago– daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan. Gainera, horietatik 127 ZIUetan daude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!