Azpeitian egingo ditu Urola Kostako LABk Maiatzaren Leheneko mobilizazioak

Julene Frantzesena 2021ko api. 14a, 12:18

LABeko kideek azaldu dutenez, "argi" dute lanpostuen defentsarako "bide berezitu bat" hasi behar dutela; izan ere, sindikatuaren arabera, "aldaketa" da bide bakarra. Maiatzaren Lehengo eskualdeko mobilizazioa Azpeitian egingo du LABek: 12:00etarako manifestazioa deitu du, plazatik hasita.

 

Urola Kostako LABeko langileen ordezkariek batzarra egin zuten Zumaian, "egungo egoera zailaren eta etor daitekeenaren aurrean" iritziak partekatzeko eta indarrak batzeko. LABeko kideek azaldu dutenez, "argi" dute lanpostuen defentsarako "bide berezitu bat" hasi behar dutela: "Etor daitezkeen kapitalaren interesei lotutako lan murrizketei itxaron gabe, aurreratu beharr dagoela argi dugu". Izan ere, sindikatuko kideen aburuz, "ikaragarria" da jada eman den lan galera, "batez ere, gazteen eta emakumeen artean zein horiek lan egiten duten sektore prekarioetan".

LABek egoera hori azaleratzeko eta agendaren erdigunean jartzeko beharra azpimarratu du, eta azaldu du Maiatzaren Lehenerako hautatu duten leloak dioen gisan, "aldaketa" dela aukera bakarra. Azpeitian egingo du Maiatzaren Leheneko mobilizazioa LABek. Hain zuzen ere, manifestazioa egingo dute, 12:00etan plazan hasita, eta eskualdeko beharginei manifestazioan parte hartzeko deia egin die sindikatuak. "Orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz; zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz". Hori lortzeko, lanean jarraituko dutela azaldu dute sindikatuko kideek, eta gogorarazi dute badela "mugarri" bat aurrean: maiatzaren 1a. "Egun hori berezia da langileontzat, eta guk ere horrela bizi nahi dugu; horregatik, egun horretan kalean egongo gara".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!