Orioko eta Aiako pilotariak prest daude Gipuzkoako Herriarteko txapelketari ekiteko

Julene Frantzesena 2021ko api. 16a, 08:40

Artxiboko irudia

Gomazko paletako txapelketan arituko dira oriotarrak eta aiarrak. Gipuzkoako Pilota Federazioak datorren astean egingo du lehen kanporaketetarako zozketa. Iaz ez zen Herriarteko Txapelketarik jokatu, COVID-19aren pandemia tarteko.

Iazko etenaren ostean, aurten itzuliko dira Gipuzkoako Herritarteko pilota txapelketak. Hainbat herrik eman dute izena eskuzko, gomazko paletako, larruzko paletako eta zesta puntako txapelketetan, eta eskualdeko herri batzuk ere izango dira lehian. Hain zuzen ere, Aiak eta Oriok gomazko paletakoan parte hartuko dute.

Datorren astean egingo du txapelketetako zozketa Gipuzkoako Pilota Federazioak, eta orduan jakingo dute herri horietako ordezkariek zein herritako pilotarien aurka neurketuko dituzten indarrak lehen kanporaketan. Ohiko zozketa ekitaldirik ez dute egingo aurtengoan COVID-19aren pandemia dela eta, baina federazioko ordezkariak telematikoki bilduko dira parte hartuko duten herrietako ordezkariekin.

Esku pilota txapelketan hamasei herrik eman dute izena: Aduna, Alegia, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Bidania-Goiatz, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa. Gomazko paletakoan, berriz, hemezortzik: Aia, Amasa-Villabona, Andoain, Anoeta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Deba, Donostia, Errenteria, Hernani, Mutriku, Orio, Soraluze, Tolosa, Zarautz, Zestoa eta Zumarraga. Larruzko paletako lehian zazpi talde ariko dira: Andoain, Deba, Donostia, Errenteria, Oiartzun, Olaberria eta Ordizia. Eta zesta puntakoan, lau: Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Zumaia. Dena den, herri horiek zein pilotarik ordezkatuko dituzten ez dute zehaztu klubek.

Iaz, koronabirusaren pandemia tarteko, ez zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarik jokatu, baina bai orain dela bi urte, eta eskualdeko talde batzuk punta-puntan ibili ziren. Izan ere, Azpeitia esku pilotako azpitxapeldun izan zen 2019an -Astigarragak irabazi zuen finala–, eta Azkoitia txapeldun gomazko paleta txapelketan –Tolosa garaitu zuen finalean–.