Zortzi positibo berri atzeman dituzte Orion eta zazpi Aian

Julene Frantzesena 2021ko api. 20a, 13:07

Atzo 77 positibo atzeman zituzten eskualdean gauzatutako PCR eta antigeno probetan. Hego Euskal Herrian behera egin du positibotasun tasak, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du ospitaleratutako pertsonen kopuruak; are gehiago, atzo zenbatu zuten azarotik izan den ospitaleratze kopuru altuena.

Eskualdeko ia herri guztiak perimetralki itxita daude eta positiboen kopurua goraka doa. Horixe da COVD-19aren pandemia egunotan Urola Kostan uzten ari den errealitatea, eta adituek jakinarazi dutenez, egun batzuetan behintzat halakoa izango da egoera.

Osasun Sailak kaleratu du koronabirusaren bueltako datuak, eta eskualdeko herrietan gauzatutako PCR eta antigeno probetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat egiten dituzten–, orotara, 77 positibo atzeman zituzten atzokoan; horietatik zortzi Orion eta zazpi Aian.

Bi herrietako egoera kezkagarria da, intzidentzia tasetan milako langa igarota, goruntz baitoa Aian nahiz Orion. Atzo zenbatutako zortzi positiboak kontuan hartuta 1.125,24koa da intzidentzia tasa Orion eta 1.723,22koa Aian.  

Gainontzeko herriei erreparatuz gero, eskualdeok positibo gehienak, 28, Zarautzen detektatu zituen Osakidetzak, hamahiru Azkoitian, zortzina Orion eta Zumaian, zazpi Aian, sei Getarian, lau Azpeitian, bi Zestoan eta bat Errezilen.

Datu horiek tarteko, herriz herriko intzidentzia tasek ere gora egin dute: 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azkoitiak (1.376,95 da tasa), Zarautzek (1.186,45), eta Zumaiak (1.017,6) dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko kutsatze tasa altuena; 5.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, Getariak (1.448,76). Azpeitian ere egoera larria da, baina intzidentzia tasa herri horietakoa baino baxuagoa da: 499,34.

Momentuz, eskualdeko hiru herri daude perimetralki itxi gabe eta neurri murriztaile gehiago ezarri gabe: Aizarnazabal, Beizama eta Errezil. Lehenengo bietan ez dute koronabirus kasu bat bera ere zenbatu azken hamalau egunetan, eta Errezilen 322 da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz.

Ospitaleratzeak gora
Hego Euskal Herriko egoera ez da batere ona, baina atzoko datuei erreparatuz gero, behera egin du positibotasun tasak. Nafarroan, guztira, 2.633 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta proba egiten duten 157 lagunek eman zuten positibo: hau da, %6k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 12.301 proba gauzatu zituen Osakidetzak, eta horietan 779 positibo detektatu zituen; hau da, proba egin zuten herritarren %6,3k eman zuten positibo. Tasa horiek behera egin badute ere, positibo kopuru oso altua atzeman dute Hego Euskal Herrian azken orduetan, baina milako langara ez da iritsi kopurua: orotara, 936 positibo detektatu dituzte azken orduetan.

Dena den, bada gora egin duen datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115 lagun ospitaleratu zituzten atzo, joan zen azarotik jasotako daturik txarrena. Egun, 524 lagun daude hiru lurralde horietako ospitaleetan, horietatik 154 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!