Aiako eta Orioko hainbat langile publikok greba deialdiarekin bat egin dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 22a, 13:21

Aiako eta Orioko ikastetxe publikoetako eta zerbitzu publikoetako hainbat beharginek egin dute bat grebarekin, baina gune bakoitzean eragin desberdina izan du lanuzteak. 

Langile publikoen behin-behinekotasuna salatzeko greba eguna da gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, langile publikoak deitu dituzte gaur grebara ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek, eta Aian eta Orion ere ari da eragina izaten deialdia. Herriko ikastetxe publikoetako eta zerbitzu publikoetako behargin hainbatek egin du bat deialdiarekin.

Aiako udaletxea irekita dago eta langileak normaltasunez ari dira lanean. Dena dela, Lardizabal Eskolako langileen %100ak egin du bat greba deialdiarekin eta zerbitzu minimoak eskaintzen ari dira bertan.

Orion, bestalde, Orioko udal-langileek, batzarrean bilduta, greba orokorrarekin bat egitea erabaki zuten astelehenean eta, beraz, gaur itxita daude udaletxea, kultur etxea, musika-eskola eta, orokorrean, udal-langileek irekitzen dituzten udal-eraikin guztiak. Zaragueta Herri Eskolan, berriz, langileen %63ak egin du bat grebarekin eta zenbait ikasle eskolara joan direla azaldu dute.

Behin-behinekotasunaren aurka

Langile publikoen kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela iritzita, horren aurka egiteko deitu dituzte grebara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoak. Sindikatuek grebaren bidez negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, “Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino”.

Gainera, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela "negoziaziorako borondaterik erakutsi", eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila “guztiz onartezina” dela iritzi diote. “Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan”, adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen “zerbitzu pubikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko” asmoa dagoela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!