Bost eta bi positibo detektatu dituzte Orion eta Aian, hurrenez hurren

Ihintza Elustondo 2021ko api. 22a, 13:40

Gaur gaurkoz, Aian 1.813,6 da intzidentzia tasa eta Orion 1.174,17. Herenegun baino 25 positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo Urola Kostako herrietan, denera 53.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Orion bost positibo izan dira azken orduetan. Herriaren intzidentzia tasak milako langa gainditu du, 1.174,17an kokatu da. Aiari dagokionez, bi positibo detektatu dituzte herrian, eta eskualdeko intzidentzia tasarik altuena duen herria da momentu honetan: 1.813,6.

Eskualdeari dagokionez, herenegun baino dezente positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo Urola Kostan: hain zuzen ere, 53 kasu baieztatu zituzten atzo, bezperan baino 25 gutxiago. Dena den, intzidentzia tasek antzeko joerari eusten diote, eta zifra hori 500eko langatik gorakoa da eskualdeko herri guztietan, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman izan ezik.

Azken egunetako joera berretsiz, Zarautzen zenbatu zituzten positibo gehien atzo: hamabost. Dena den, herenegun 23 atzeman zituzten, eta, beraz, zertxobait behera egin du kopuruak. Horrenbestez, intzidentzia tasak ere behera egin du apur bat: herenegun 1.223,09koa zen, eta gaur-gaurkoz 1.173,6koa da. Zarautzen ostean, Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien: hamabi, zehazki. Intzidentzia tasak ere gora egin du herri horretan: 1.410,33koa da egun, eta bezperan 1.385,3koa. Aipatzekoa da Getariaren egoera ere: atzo lau positibo baieztatu zituzten han, eta 1.590,11ko intzidentzia tasa dute.

Zumaian zortzi positibo atzeman zituzten atzo, eta intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 1.190,6koa. Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena duena: bost positibo baieztatu zituzten atzo han, eta 571,62ko intzidentzia tasa dute. Zestoan kasu bat zenbatu zuten atzo, eta 642,01eko intzidentzia tasa dute. Aizarnazabalen kasu bat atzeman zuten atzo; 390,12koa da hango intzidentzia tasa.

Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan. Errezilen 322,06ko intzidentzia tasa dute egun, eta Beizaman 0 da zifra hori.

Hego Euskal Herrian 1.195 kasu

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.195 positibo zenbatu zituzten atzo: Araban 99, Bizkaian 465, Gipuzkoan 443, Nafarroan 182 eta sei beste lurralde batzuetan. Guztira, 14.893 proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta %8k eman zuten positibo.

Erietxeetako egoerari dagokionez, 94 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan. Guztira, COVID-19a duten 549 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale publikoetan, eta horietatik 165 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Azken egunetako kopururik altuena da ZIUetan dauden gaixoena. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!