Orion eta Aian ez da positiborik gabeko egunik izan azken astean, eta intzidentzia tasek gorantz egiten jarraitu dute

Maria Maya - IƱigo Gaiton 2021ko api. 23a, 13:46

Orion eta Aian launa koronabirus kasu detektatu dituzte azken orduetan. Bi grafikoetan ikus daitekeen modura, izurriteak okerrera egin du azken astean bi herrietan, eta intzidentzia tasek nabarmen egin dute gora.

Koronabirusak eragindako izurritearen laugarren olatuak gogor jo ditu Orio eta Aia. Grafikoei eta zenbakiei erreparatu besterik ez dago, azken astean egoerak okerrera egiten jarraitu duela jabetzeko. Orion 1.239,40 da intzidentzia tasa gaur gaurkoz, eta Aian 1.964,74, eskualdeko zifrarik altuena. Apirilaren 16tik 23ra bitartean, Orion eta Aian ez da positiborik gabeko egunik izan. Joera aldatzen ez bada, Orion intzidentzia tasak aurreko bi olatuetako punturik altuenak gainditu ditzake. Aiaren kasuan, laugarren olatuak aurreko biek baino dezente gogorrago kolpatu du herria, eta intzidentzia tasa inoiz baino altuagoa dute. Azpialdeko grafikoan ondo ikus daiteke hori, marra urdina ia 2.000ra iristen baita.

Gainontzean, Urola Kostako herrietan 56 positibo zenbatu dituzte denera azken orduetan; herenegun baino hiru gehiago. Intzidentzia tasek, hala ere, 400dik gorako langa gaindituta jarraitzen dute eskualdeko herrietan; Beizaman eta Errezilen izan ezik. 

Zarautzen gora egin dute zenbatutako kasu positiboek, eta bertan detektatu dituzte gehien. Herenegun hamabost kasu atzeman zituzten; atzo, 20. Intzidentzia tasak ere, beraz, gora egin du herri horretan: 1.195,01ekoa da. Azkoitian zertxobait behera egin dute hautemandako kasuek. Zehazki, hamar kasu positibo izan dira herri horretan, herenegun baino bi gutxiago. Intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; 1.401,99koa da. Getariako tasa bere horretan mantentzen da –1.590,11koa da–, kasu positiboen kopuruak zertxobait behera egin duen arren –lau kasu zenbatu zituzten herenegun; bi atzo–. 

Zumaian ez dute egoera hobea. Zazpi kasu positibo zenbatu zituzten atzo herri horretan egindako PCR eta antigeno probetan. Intzidentzia tasak 20 puntu behera egin arren, 1.000tik gorako langa gaindituta jarraitzen du –1.170,25ekoa da–. Azpeitian bezperan baino hiru positibo gehiago zenbatu dituzte; zortzi, baina 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azpeitia da egoera onena duena. Atzotik gora egin du, hala eta guztiz, intzidentzia tasak: 611,04koa da han. Zestoan, ez dute kasu positiborik hauteman, eta 616,33koa da intzidentzia tasa. Aizarnazabalen okerrera egin du egoerak: kasu positibo bat baieztatuta, 390,12tik 520,16ra igo da intzidentzia tasa. 

Beizaman ez dute kasu positibo berririk baieztatu, eta 0ko intzidentzia tasa dute. Errezilen ere ez dute kasurik hauteman, baina 322,06ko tasa metatua dute han. 

Hego Euskal Herrian 1.171 

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, atzo, guztira, 1.171 kasu positibo zenbatu zituzten: 117 Araban, 425 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 184 Nafarroan. Guztira, 13.303 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan; % 9k eman zuten positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 7,7k Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ez du hobera egin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 554 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 173 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Atzo 114 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetan. Nafarroan, berriz, 153 dira ospitaleratuta dauden pertsonak, horietatik 35 ZIUetan. 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!