“Erabat pasionala da rallyetan gidatzeko dudan modua”

Iñigo Gaiton 2021ko api. 24a, 16:21

Motor kontuetan bete-betean murgilduta bizi da Gorka Eizmendi, ofizioz eta afizioz. Duela urte gutxi, autoak konpontzeko tailerra ireki zuen Botalekun, eta han juntatu da KARKARArekin, lanak tartetxoa utzi dionean. Bestalde, 2016tik Espainiako Rally Txapelketan dihardu lehian, eta goiko postuetan ibili izan da sarri.

Nondik datorkizu rallyetan aritzeko afizioa?
Familian ez da pilotu edo rallyzalerik; aitari betidanik gustatu izan zaizkio autoak, baina gutxi gehiago, etxean ez dut erreferenterik eduki. Dena den, umetatik izan dut txofertzarako obsesioa. Mendi aldean bizita, urte gutxirekin autoarekin maniobrak egiten uzten zidaten. Bolantean minutu bat egite hutsak eguna pozten zidan.

Zer sentitu zenuen rally bat bertatik bertara ikusitako lehen aldian?
18 urte izango nituen, eta berehala harrapatu ninduen motor hotsaren eta abiaduraren munduak. Probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Erabat autodidakta izan naiz ordutik gaurdaino egin dudan ibilbidean.

Espainiako lur gaineko rally zirkuituan dituzun aurkariak ere autodidaktak al dira?
Ez, gehienak 10 edo 15 urte zituztela hasi ziren karting-ean, auto txikiekin lehiatzen. Nik 22 urterekin egin nuen aurreneko karrera.

Bakarrik trebatu izanak zertan eragin du zure gidatzeko moduan?
Senarekin gidatzen dut erabat; egia esan, beti egin izan dut horrela. Pilotu profesionalak dira nirekin aurreko postuetan dabiltzanetako asko, eta astelehenetik ostiralera entrenatzeko aukera izaten dute. Horregatik, ni baino teknikoagoak dira. Tamalez, nik ez dut rallyei emanda bizitzeko aukerarik, eta astean zehar lana egin behar izaten dut. Horren ondorioa da lasterketetan erabakiak modu inpultsiboagoan hartu behar izatea.

Alegia, besteek baino gehiago arriskatu behar izatea?
Bai, baina badira nik adina arriskatzen dutenak ere, haiek ere entrenatzeko aukerarik ez dutelako.

Nola definituko zenuke txofertzarako duzun estiloa?
Pasionala, sutsua dela esango nuke. Duela hiru aste lasterketa izan nuen Madrilen. Lau hilabete pasatu ditut rallyetako kotxea hartu gabe, eta martxan jarri eta abiatu orduko, lehen errebueltan denak emanda sartu nintzen, gurpilak arrastaka. Oso modu naturalean ateratzen zait hori egitea. Bizi egiten dut rallyen mundua, eta bolanteari eusten diodanean, gorputz eta arima jartzen naiz horretara.

Lasterketetan erreferenterik izan al duzu?
Aholku asko eman dizkidate, onak eta txarrak. Karreretan hasi eta gutxira Iñaki Alberdi azpeitiarra ezagutzeko aukera izan nuen; beharbada, momentuan ez nien kasu handiegirik egin hark esandakoei, baina esperientzia handiko pilotua da bera, eta ondo etorri zitzaizkidan berarekin edukitako hizketaldiak. Gero, Espainiako zirkuitua egiten hasitakoan, Jorge del Cid ezagutu nuen, hura ere azpeitiarra. Uste dut mareatu ere egiten nuela egiten nizkion galdera guztiekin.

Atzera itzulita, nola erabaki zenuen aurreneko rallyan parte hartzea? Ez da erraza izango lehen urrats hori ematea.
2010. urtea izango zen. Etxekoei ez zitzaien ondo iruditu komentatu nienean, baina xorro-xorro, aita laguntzen hasi zitzaidan. Ordutik, beti izan dut ondoan laguntzen.

Ezagun egin zinen lehen karrera hartan, espektakulua emateagatik. Horretara atera al zinen?
Bai. Aurreneko kotxe hark lehen postuetan ibiltzeko aukera gutxi eskaintzen zuen, eta horregatik, jendearen arreta pizteko, errebueltetan-eta kotxearen atzealdea trabeskatuta ibili nintzen. Publikoan egondako jendeak esandakoaren arabera, nire gidatzeko moduak atentzioa deitu zuen lehen lasterketan, eta hastapenetan, bidea egiten hasteko lagungarria egin zitzaidan.

Nola pasatu zinen afizionatuen rallyetan lehiatzetik goi mailan jardutera?
Etxean hartutako erabakia izan zen, besteak beste, babeslerik ez nuelako oraindik. Espainiako lur gaineko rally zirkuituan parte hartuko nuela erabaki genuen 2016an, eta maila horretan nabil ordutik. Zorionez, azken urteetan babesle sendo bat izan dut nirekin.

Zer aurrekontu behar izaten da orain zabiltzan mailan denboraldi bat egiteko?
Gutxiengo zifra emango dizut: 100.000 euro. Hortik gora, nahi duzun guztia. Oso erraz joaten da dirua. Txapelketa batera joan eta rallyaren aurretik zirkuituan entrenatu nahi baduzu, txapelketan baino gasolina gehiago erretzen duzu entrenamenduetan, gurpil zorroak ere gastatzen dira, frenoak... Kotxea martxan jartzen den bakoitzean gastua egoten da. Zoritxarrez, gu nahikoa justu ibiltzen gara aurrekontuarekin. Gero, aparte, autoa ere erosi behar da.

Eta zenbat balio du orain duzunak?
250.000 euro, BEZik gabe.

Zer gasolina kontsumo du?
75 litro 100 kilometroko; kaleko auto batek baino hamar aldiz handiagoa. Gure lasterketetan 200 kilometro baino gehiago egiten ditugu; 100 kilometrotik gora lasterketan, eta gainontzekoak lehiaketa eremu batetik bestera joaten.

Diru asko behar da, gero.
Goi mailan behintzat, bai. Hasierako urteetan erabiltzen nituen autoak, jakina, merkeagoak ziren. 20.000 euroren bueltan ibiltzen ziren. Hasieratik saiatu gara lanak txukun egin eta autoak zaintzen, gero ondo saltzeko, baina tartean istripuak ere izan ditugu, eta normala den bezala, dirua galdu ere bai tarteka. Afizionatuetan egin nuen lehen denboraldian, aurreneko kotxea apurtu egin zen, eta bigarrena erosi behar izan genuen. Bada, bigarren horrek, lehen lasterketan su hartu zuen, istripua izan eta gero. Orain nabilen mailan, oso kontuz ibili behar izaten dut, kotxea izorratuz gero bizpahiru denboraldirako aurrekontua izorratu dezakedalako.

Denak emanda ibiltzen zaretela ikusita, zaila izango da arriskatu edo ez oreka bilatzea segundo gutxiren bueltan.
Oso zaila.

Istripu larririk izan al duzu?
Zorionez, ez gara istripu asko izatekoak, baina azken hiru denboraldietan bi ezbehar larri izan ditut, min hartzekoak. Gogorrenean, hilabeteak behar izan nituen osatzeko eta berriro lehiatu ahal izateko. Batzuetan iruditzen zait ezbehar horretatik psikologikoki ez naizela guztiz errekuperatu; ez dut uste lehen bezain azkar nabilenik, ordutik txapelketa bat irabazi dudan arren. Konfiantza kontua da dena; kotxean orduak eta orduak eginda itzuliko naiz lehengora.

Nola bizi duzu arriskuaren eta beldurraren gaia? Buruko min handia ematen dizun zerbait al da?
Rallyetan dabilenak badaki autoan sartutako bakoitzean arriskua hor dagoela; hori asimilatuta izan behar du pilotu batek. Gero, norberak ikusi behar du zergatik jartzen duen bere burua kotxe baten barruan; pilotu bakoitzak jakingo du konpentsazioa nondik datorren. Guztiok egiten diogu galdera hau geure buruari: benetan merezi al dit autoarekin ziztu bizian ibiltzeak? Nire kasuan, erantzuna oso garbi dut: bai. Bizitza bakarra da, eta nire iritziz, norberak gustatzen zaiona egiten saiatu behar du beti.

Autoei dagokienez, seguruagoak al dira oraingoak?
Azken hamabost urteetan aurrerapen handiak egin dira, eta seguruagoak direla esango nuke. Esparru horretan, ikerketa eta hobekuntza konstantea da, lan asko egiten da.

Azkarragoak ere badira?
Errendimendu hobea dute orain lehen baino; alegia, 300 zaldiko lehengo autoa eta oraingoa konparatuz gero, zaldi kopuru berarekin orain azkarragoak dira. Gero, mekanikari dagokionez, azken hamar urteetan ez da aldaketa handiegirik izan, eta zorionez, gure autoetan ez da elektronika askorik. Teknologia eta motorrak ez dira asko aldatu.

Eta karbono emisio aldetik? Zer kontzientzia dago rallyen munduan karbono arrastoa murriztearen eta aldaketa klimatikoaren gainean?
Kezka eragiten duen gaia da, zalantzarik gabe. Ikerlariak eta mekanikoak ari dira konponbideak bilatu nahian, auto hibridoak fintzeko ahaleginean. 1 Formulan, adibidez, auto guztiak dira hibridoak, eta rallyen maila altuenean ere bai, World Rally Championship ligan. Urte batzuk barru, guri ere tokatuko zaigu aldaketa egitea.

Kanpotik ikusita, ematen du afizionatuen rallyetan eliteko lasterketetan baino arrisku handiagoa izaten dela, baliabide gutxiagorekin antolatzen direlako.
Ez luke zertan. Maila guztietako lasterketetan oinarrizko araudia bera dela suposatzen da; autoek eta pilotuek gutxiengo berak bete behar izaten dituzte: autoen barruan barrak eduki, aulki eta arnes homologatuak, arropa berezia...

Emaitzei dagokienez, zein izan da orain arte lortu duzun garaipenik handiena?
Espainiako zirkuituan bi garaipen lortu ditut, eta maila baxuagoko rallyetan ere badauzkat txapelak. Espainiako lur gaineko rally zirkuituan lortutako bi garaipenak bereziak dira; aurrenekoa, estreinakoa izan zelako. Neure buruari eta nigan sinetsi dutenei erakutsi nien gai nintzela azkar ibiltzeko. Gero, bigarren garaipena ere oso berezia izan zen, istripua izan eta hilabete batzuetara lortu nuelako. Hilabete txarrak pasatu nituen sendatzen, eta lasterketetara itzulitakoan, bi emaitza txar lortu nituen. Moralki baxu samar nenbilela, garaipena eskuratu nuen hurrengo rallyan, eta indar ikaragarria eman zidan.

Zer helburu duzu epe laburrera begira?
Denboraldian zehar, Espainiako zirkuituan aurreneko bost postuetan sailkatzea gustatuko litzaidake, eta bukaeran zirkuitua irabazteko aukerak izatea. Bestalde, zirkuitutik kanpo proba solteren bat egiteko gogoa dut, presiorik gabe lehiatzeko eta gozatzeko.

Eta ametsen bat ba al duzu?
Hiru urte badira Baja modalitateko lasterketaren bat egiteko aurrekontua lortzen saiatzen hasi nintzenetik, baina ez dut lortu. Horri begira lanean jarraituko dut; orain arte erakutsi dugu, piloturik onena ez naizen arren, gai garela gure proiektuak ondo saltzeko eta babesleak lortzeko, eta baikorra naiz. Baja Aragon egitea gustatuko litzaidake; hor lehiatzen dira gero Dakarrean parte hartzen dutenak. Epe luzera begira, Dakarra egitea da nire ametsa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!