Orion positibo bat izan da azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 13a, 13:17

Intzidentzia tasa 472,93an kokatu da Orion. Aian ez da positiborik izan, eta tasak nabarmen egin du behera: 906,8tik 604,53ra jaitsi da azken orduetan.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak jakinarazi ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Txostenaren arabera, Orion positibo bat detektatu dute atzo egindako frogetan, eta intzidentzia tasak ere zertxobait gora egin du; 472,93 da gaur gaurkoz. Aiari dagokionez, ez da positiborik izan, eta intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du herrian. 604,53 da momentu honetan.

Urola Kostan denera hogei lagunek eman dute positibo atzo egindako probetan, bezperan baino bost gehiagok.Azpimarratzekoa da Azkoitian baieztatu dituztela kasu gehien azkeneko orduetan, zortzi, eta Azpeitian ere gora egin duela atzemandako kasuen kopuruak, bost emaitza positibo izan baitira atzoko probetan. Zarautzen behera egiten jarraitzen dute kasuek, atzo lau positibo zenbatu baitzituzten, eta Zumaian aurreko bi egunetan bezainbeste kasu positibo izan dira, bi. Eskualdeko gainontzeko herrietan, ordea, ez da emaitza positiborik egon.

Eskualdeko gehienetan jaitsi edo berdin mantendu da intzidentzia tasa; baita Azkoitian eta Azpeitian ere, bezperako emaitzekin alderatuta, baieztatutako kasuek gora egin arren.

Atzotik hona, beraz, honako jaitsiera izan dute kasu metatuen tasek herriz herri: 906,8tik 604,53ra jaitsi da Aian, 650,2tik 520,16ra Aizarnazabalen, 759,41etik 734,37ra Azkoitian, 354,8tik 361,37ra Azpeitian, 212,01etik 176,68ra Getarian, 586,8tik 522,55era Zarautzen, 487,93tik 410,89ra Zestoan, eta 681,8tik 580,03ra Zumaian. Errezilen berdin mantendu da intzidentzia tasa, 1.449,28an (eremu berdean dago dena den), eta Beizaman, aldiz, hutsean.

551 kasu Hego Euskal Herrian

Koronabirusa hautemateko 11.907 proba egin zituzten atzo, asteazkenean, Hego Euskal Herrian. 551 emaitza positibo izan dira guztira, bezperan bezala, ia-ia; asteartean egindako probetan 543 emaitza positibo zenbatu zituzten. Atzoko proben bidez 276 kasu berri detektatu dituzte Bizkaian, 152 Gipuzkoan, 94 Nafarroan, 27 Araban eta bi beste lurralde batzuetan.

Hala ere, positibotasun tasak joera desberdina izan du Hego Euskal Herriko lurralde batean edo bestean: Nafarroan nabarmen igo da tasa, %2,5etik %4,2ra, baina zertxobait behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4,9tik %4,7ra, hain zuzen.

Osakidetzako erietxeetan jaitsi egin dira ospitaleratze berriak, eta 59 izan ziren atzo, bezperan baino hamar gutxiago. Gaur-gaurkoz, COVID-19ak jotako 336 lagun daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta horietatik 153 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!