Jaisten jarraitzen dute intzidentzia tasek

Maria Maya Manterola 2021ko mai. 18a, 13:28

Aian eta Orion ez dute kasu positiborik atzeman azken orduetan.

Osasun Sailak kaleratu du azken orduetan egin diren PCR eta antigeno proben emaitzen berri dakarren txostena. Eskualdeko herrietan egindako probetan hamahiru kasu positibo zenbatu zituzten atzo, baina Aian eta Orion ez dute kutsatu berririk atzeman. Apurka bada ere, oro har, apaltzera egin dute intzidentzia tasek eta positibo kopuruak. Aian 403,02 da tasa eta Orion, berriz, 228,31.

Nolanahi ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko bi herrik eremu gorrian jarraitzen dute, Azkoitiak eta Zumaiak. Lau kasu hauteman zituzten Azkoitian eta bat Zumaian; intzidentzia tasak 550,78 eta 437,57 dira, hurrenez hurren. 

Zarautzen, berriz, 355,51koa da tasa, eta bi kasu baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Ostiraletik astelehenerako datuekin, nabarmen egin du behera tasak, ia 100 puntu jaitsi baita herri horretan. Lau kasuren berri izan zuten, bestalde, Azpeitian, eta 282,52ko tasa dute. 

Aizarnazabalen, Beizaman eta Zestoan ez dute kasu berririk baieztatu azken orduetan. Aizarnazabalen 260,08 eta Zestoan. Beizamak, aldiz, hutsean jarraitzen du. Errezilen eta Getarian kasu bana zenbatu dute; intzidentzia tasak 1.127,21 eta 106,01 dira, hurrenez hurren. 

Positibotasun tasa %3tik behera
Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, lau lurraldeetan nabarmen behera egin dute kasu positiboek. Positibotasun tasa % 2,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 2,4koa Nafarroan. 

Guztira, 11.906 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta 320 kasu zenbatu dituzte: 23 Araban, 157 Bizkaian, 91 Gipuzkoan eta 49 Nafarroan. 

Erietxeetako egoerak ere hobera egin du azken orduetan. Guztira, 256 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan, horietatik 133 ZIUetan. Atzo, astelehena, 43 pertsona ospitaleratu zituzten. Nafarroan, berriz, 107 pertsona daude ospitaleratuta, 20 ZIUetan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!