"Donostiako surf parkea geldiarazteko garaiz gabiltza"

Iñigo Gaiton 2021ko mai. 19a, 10:15

Larrialdi klimatikoaren testuingurua kontuan izanik, Donostian eraiki nahi duten olatu artifizialen instalakuntza «zentzugabekeria hutsa» dela uste du Xavier Curto (Tortosa, Herrialde Katalanak, 1989) Orioko bizilagun eta Surfrider Foundation erakundeko kideak.

Donostiako surf parkearen aurkako ahotsen artean kokatu da Surfider Foundation. Zergatik? 
Surfrider Foundation 1984an sortu zuten nazioarteko hainbat surflarik, ozeanoen eta ingurumenaren zaintzaren alde egitea helburu hartuta. Ekologia gaietan surf komunitatearentzat erreferentziazko erakundea da, eta olatu artifizialen inguruko posizio orokor eta argi bat izateko eskaerak jasotzen hasi zen, nazioartean surf parkeak ugaritu egin direlako azken urteetan. Irizpide ekologiko eta zientifiekoetan oinarrituz, aurkako posizioa agertzea erabaki zuen erakundeak.

Antondegi Berdea - Olatuak Itsasoan kolektiboa sortu zen martxoan, proiektuaren aurkako taldeak eta norbanakoak elkartu eta gero.  
Bai, kolektibo horren barruan ari gara lanean azken hilabeteotan. Iaz, Donostiako Udalak Martutene auzoko Antondegi gunean olatu artifizialen instalakuntza bat egitea onartu zuela jakin zenean, talde ekologistek gugana jo zuten, babesa emango genien edo ez jakiteko. Lehengo urtean Donibane Lohizunen [Lapurdi] antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu zen, eta Surfrider Foundation aurka azaldu zela kontuan hartuta, gurekin kontatzeko esan genien, Donostiako proiektuak antzekotasunak dituelako Ipar Euskal Herrian geldiarazi zenarekin.

Surfider Foundationek irizpide zientifikoetara mugatzen ditu erabakiak hartzeko arrazoibideak. Ba al duzue Donostiako surf parkearen proiektuaz datu zehatzik?
Donostiako Udalak eta proiektua sustatuko duen enpresak, Wavegardenek, ez dute datu zehatzik plazaratu oraindik. Hala ere, kolektiboaren barruan lanean ari gara, proiektuak ingurumenean izan dezakeen inpaktuaren ebaluazio ahalik eta zehatzena egiten saiatzeko.

Horri lotuta, Surfider Foundationen webgunean bada txosten bat, zeinak balio duen surf parkeen ur eta energia gastuaren ideia orokor bat egiteko. AEBetako Texasko Waco instalakuntzen datuetan oinarrituz osatu zen dokumentua, eta horren arabera, olatu artifizialen igerileku batek 450kW kontsumitzen du orduko. Frantzian egin zen konparaketa bat, eta kontsumo hori 800 etxebizitzek izango luketen bera da. Ur kontsumoari dagokionez, dimentsio olinpikoak dituen hamar edo hamalau igerilekuren ur kantitate bera behar du surf parke batek, 25.000 edo 30.000 metro kubiko ur gutxi gorabehera.

Olatu artifizialen instalakuntza trantsizio energetikorako kaltegarria dela salatzeaz gain, Antondegin eraiki nahi izatea ere ez duzue begi onez ikusten.
Hori da proiektuaren kontra egoteko arrazoi sendoetako bat. Masifikatu eta garatu gabeko gune berde gutxi ditu Donostiak inguruan, eta Antondegi da horietako bat. Biodibertsitate aldetik oso aberatsa da. Itsas Enara taldekoak kolektiboko parte dira, eta haien balorazioaren arabera, ehun txori mota baino gehiagorengan eragin negatiboa izango luke surf parkeak. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoaren barruan daude asko.

Wavegardenek azaldu du instalakuntzak inpaktu «minimoa» izango lukeela.
Ez dute inpaktu horren gaineko daturik eman, eta guk datu zehatzak nahi ditugu. Horrez gain, bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuingurua kontuan izan behar da, ulertzeko olatu artifizialen instalakuntzek ez dutela zentzurik. Karbono arrastoa gutxitzea lehenetsi beharko genuke garaiotan.

Burokraziari dagokionez, zer puntutan dago proiektua?
Donostiako Udalbatzak onartu zuela badakigu, eta datozen hilabeteetan aterako diren albisteen zain gaude. Argi dut surf parkea geldiarazteko garaiz gaudela oraindik ere.

Surflarien artean iritzi kontrajarriak sortu ditu gaiak. Zer inpresio duzue zuek?
Modu artifizialean sortutako olatu perfektuen ideiak lilura sortzen du surflari askorengan, eta uler dezaket, baina iruditzen zait ezjakintasun handia dagoela horren atzean. Askok ez du ezagutzen honen guztiaren dimentsioa, ekologiaren ikuspegitik suposatzen duen zentzugabekeria. Nire irudipena da surflariekin bildu eta azalpenak eman izan dizkiegunean, ulertu dutela esan nahi duguna. Proiektu hau ez da surf komunitatearen eskaera batetik sortu, eta hori ere azpimarratu egin behar da.

Oraingoz, plaza publikoan ez dugu soinu handiegirik egin, eta eztabaida sortzea da gure helburuetako bat, gaia ezagutzera ematea. Bi aldeen argumentuak mahai gainean jarriz gero, iruditzen zait surflari gehiago hurreratuko dela gure aldera. Sinadura bilketa zabal bat ere abiatuko dugu hemendik gutxira.

Donostiako surf parkeak eraginik izango al luke inguruko beste hondartzetan?
Masifikazioa areagotuko luke dagoeneko jende asko ibiltzen den hondartzetan, eragindako dei efektuaren ondorioz.


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!