Aia eta Orio Herriarteko txapelketatik kanpo geratu dira

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 24a, 15:27

Aiak Astigarraga izan du aurkari Herriarteko txapelketako lehen fasean, eta Oriok Zarautz.

Gomazko paleta kategorian lehiatzen aritu dira Aia eta Orio Herriarteko Pilota Txapelketan. Aiak Astigarraga izan du aurkari; etxean jokatu zuten jardunaldian aiarrak nagusitu ziren 2-1 emaitzarekin, baina Astigarragan etxekoak izan ziren nagusi 2-1 emaitzarekin. Hasiera batean, bi taldeen arteko berdinketa gertatu bazen ere, puntuei erreparatuta, Astigarra gailendu zen; hortaz, Aia ez da fasez pasa Herriarteko txapelketan.

Oriok, berriz, Zarautz izan zuen aurkari txapelketako lehen fase horretan. Lehen jardunaldian Zarautz nagusitu zen; itzulerako partidak ostegunean jokatzekoak ziren Orion, baina, tamalez, jokatu gabe egin zuen aurrera Zarautzek. Orioko Pilota Elkarteko kideek azaldu dutenez, Oriok Herriartekoan pala kategorian taldea osatu duen lehen urtea izan da, baina taldekide kopuru justuarekin sortu zuten taldea, ordezkorik gabe. Beraz, taldekide bat partida jokatu ezinik geratu zenean, oriotarrek ezin izan zuten jardunaldira aurkeztu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!