Orion positibo bat izan da azken orduetan

Karkara 2021ko mai. 25a, 13:34

Egun luzez positiborik gabe egon eta gero, Orion kasu bat detektatu dute atzo egindako frogetan. Herrian 32,62 da tasa gaur gaurkoz. Aiari dagokionez, ez da kasurik izan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, Orion kasu bat detektatu dute. Horren ondorioz, herriak 32,62ko tasa du momentu honetan, eta eremu berrian egoten jarraitzen du. Aian, aldiz, ez da kasurik izan, eta tasa 50,38an dute gaur.

Eskualderari dagokionez, apurka-apurka bada ere hobetzen ari da egoera. Une honetan Azkoitia da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra, eta Urola Kostan zenbatutako hamabi kasuetatik bost bertan zenbatu zituzten atzo. Hori dela eta, zertxobait gora egin du herri horretan 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak; 517,40koa da uneotan, Gipuzkoako herri handien tasetatik altuena.

Azpeitiak, bestalde, eremu laranjan jarraitzen du. Hiru positibo hauteman zituzten atzo han, eta intzidentzia tasa 302,32tik 308,80ra igo da. Zarautzen ere hiru positibo zenbatu zituzten atzo, baina intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; hain zuzen ere, 214,16koa da tasa eta eremu horian dago Urola Kostako herririk jendetsuena.

Gainontzeko herrietan, berriz, ez zuten positibo berririk zenbatu atzo, eta herri horietako tasek apaltzera egin dute. Aizarnazabalen eta Beizaman 0 da tasa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67, Zestoan 256,81 eta Zumaian 172,99.

Positibotasun tasa, behera

Hego Euskal Herrian ere egoerak hobera egiten jarraitzen du, baina kutsatzeen kurba mantso ari da jaisten. Guztira, 10.684 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 329 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (160), eta ondoren, Gipuzkoan (91), Nafarroan (53) eta Araban (19). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritarren sei positibo zenbatu zituen Osakidetzak.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 212 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden eriak, eta 117 pertsona daude ZIUetan. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude —ez dute zehaztu ZIUetako erien kopurua—. Positibotasun tasak ere %5etik beherakoa izaten jarraitzen du; %3,2 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,7 Nafarroan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!