Etorkizuneko lanpostu, profil eta konpetentziei buruzko jardunaldia antolatu du UKUEk

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 1a, 09:00

Ostegun goizean eskainiko dute online, eta langabeei, baina oro har herritar orori zuzenduta dago.

Etorkizuneko erronkak. Aukerak eta joera berriak ekimenaren barruko bigarren jardunaldia egingo dute ostegun honetan Urola Kostako Udal Elkartean. Aurreko astean, lehen jardunaldian, eskualdeko enpresekin eta ekintzaileekin aritu baldin baziren, oraingo honetan bereziki langabeei eta, oro har, herritar guztiei zuzenduriko saioa izango da. Arreta berezia jarriko dute etorkizuneko lanpostu-profil eta konpetentzietan, hain zuzen ere.

Lan saioa goizez izango da, 10:00etatik 11:30era, eta online eskainiko dute. Landuko dituzten gaiak ondorengo hauek izango dira: Covid-19aren ondorengo testuinguru berriaren aurkezpena; profil profesionalen potentzialtasuna eskualdean; Future Lan erreminta (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua); eta Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak sektore pribatuan. Saioetan hartuko dute parte Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria Lourdes Salsamendik eta IKEI Research & Consultancyko kide Clara Izurietak eta Nerea Zalduak. 

Izen eman nahi dutenek Udal Elkarteak prestatu duen galdetegia bete behar dute aurrez. Argibide gehiago edota informazio zabalagoa jaso nahi duenak UKUEko Garapen Agentziarekin (Raquel Calvo edo Idoia Etxarri) jarri daiteke harremanetan, 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta edo enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!