Semaforo horia piztu da Orion, azken astean atzeman dituzten 13 kasuekin

Dorleta Agiriano Lai - Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 4a, 13:39

Aia, berriz, ondo eusten ari zaio izurriteari azken astean. Azken astean kasu bakarra atzeman dute, eta intzidentzia tasa 50,38koa da.

Aurreko astean, azken hilabeteetako daturik onenak izan ondoren, berriz ere gora egin du kutsatu kopuruak Orion. Azken astean 13 kasu atzeman dituzte herrian eta 260,93ko intzidentzia tasa du azken datuen arabera; kopuru handia da, joan den ostiralean intzidentzia tasa 48,92koa zela kontuan hartzen bada. Hala, grafikoan ikus daitekeen bezala, intzidentzia tasaren kurbak gorazko joera hartu du berriz ere. Dena dela, nabarmendu behar da atzo aurreko bi egunetan baino kasu gutxiago atzeman zituztela Orion, bakarra hain zuzen ere; bosna kasu atzeman zituzten, berriz, herenegun eta asteartean. Beraz, semaforo horia piztu da Orion.

Aian, bestalde, atzoko datuen arabera, 50,38koa da intzidentzia tasa, aurreko ostiraleko datu bera, eta azken astean kasu berri bakarra izan dute. Beraz, esan daiteke Aiak oso ondo eusten ari zaiola izurriteari azken asteetan eta ez dela agerraldi nabarmenik izan herrian.

Urola Kostan hogei positibo
Urola Kostan aste gorabeheratsua izan da COVID-19ari dagokionez, baina joera ez da gehiegi aldatu azken bi egunetan: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera, herenegun egindako probetan hamazazpi emaitza positibo izan ziren eskualdean, eta atzo egindako probetan, aldiz, hogei. Azkoitian bederatzi lagunek eman dute positibo atzoko probetan, Azpeitian seik, Zarautzen eta Zumaian binak.

Azkoitian gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak; 425,60an zegoen atzo, eta 450,64an dago azken datuak kontuan hartuta. Eremu gorrian jarraitzen du beraz, eta eskualdeko udalerrien artean, intzidentzia tasarik altuena du. Azpeitian herenegun baino kasu gehiago baieztatu badituzte ere (sei izan ziren atzo eta bakarra herenegun), 328,52tik 302,23ra jaitsi da tasa. Hala, Azpeitia eremu laranjan dago oraindik.

Zarautzen behera egin dute atzemandako kasuen kopuruak eta intzidentzia tasak; atzo 235,58koa zen, eta 218,44koa da une honetan. Zumaian, ordea, berdin mantendu da tasa; 162,82koa da gaur ere. 

Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da kasu positiborik izan azken orduetan.

Positibotasun tasa gora
Hego Euskal Herrian 382 emaitza positibo izan dira atzo egindako probetan; hain zuzen, 160 Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, 44 Araban eta hiru beste lurralde batzuetan. Herenegungo probetan kasu gutxiago baieztatu zituzten; 368. Nafarroan aste osoko daturik onena izan da gaur argitaratutakoa, baina zertxobait igo da positibotasun tasa; %3,2koa izan zen atzo, eta %3,1ekoa herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du positibotasun tasak, %3,3tik %4,1era.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egiten jarraitzen du egoerak. COVID-19ak jota ZIUetan dauden pertsonen kopurua 100etik beherakoa izan da aurreko asteburutik, eta gaur egun, 83 dira. Guztira, 155 dira koronabirusa dela-eta Osakidetzan ospitaleratuta dauden pertsonak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!