Izetatarrek eta Gorka Etxeberriak gaur jokatuko dute Binakako Euskal Pentatloiaren finala

Andoni Elduaien 2021ko eka. 19a, 09:00

Finalerdietan egindako lanak bikoiztu beharko dituzte kirolariek arratsaldeok finalean, Tolosan. Hiru txandatan banatuta jokatuko da finala. Izetatarrak izan ziren eskualdeko onenak finalerdietan.

Binakako II. Euskal Pentatloiaren finala jokatuko dute gaur, larunbatarekin, 17:00etan Tolosan (Gipuzkoa). Eguneko lehen txandan emakumeen finala jokatuko dute Karmele Gisasolak eta Uxue Ansorregik, Lucia Orbe eta Garazi Arrutiren aurka. Ondoren iritsiko da Aiako eta Orioko herri kirolarien txanda; izan ere, eguneko bigarren txanda arituko da Gorka Etxeberria oriotarra (Kepa Peñagarikano azpeitiarrarekin) eta hirugarren txandan, berriz, Jexux Mari eta Andoni Iruretagoiena aiarrak.

Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a bizkaitarrak izan ziren finalerdietan lan guztiak bukatzen azkarrenak (18 minutu eta 16 segundo). Bigarren denborarik onena, berriz, Izeta III.ak eta Izeta IV.ak osatutako bikoteak egin zuen (18’24”). Errazkinek eta Mugertzak (18’44”), Peñagarikanok eta Etxeberriak (18’56”), Larrañagak eta Goenatxo III.ak (19’09”), eta Otaegik eta  Txapartegik (20’09”) osatu zuten, hurrenkera horretan, finalerako txartela lortu zuten sei bikoteen multzoa.

Finalean, finalerdian izan zituzten lanak bikoiztu egin beharko dituzte, ordea, parte hartzaileek. Lanari ekiteko, 100 kiloko bolari 40 altxaldi eman beharko dizkio bikote bakoitzak; gutxienez hamasei jasoaldi eman beharko dizkio harriari bikoteko kide batek. Bola altxatu ondoren, berriz, giza proban 400 kiloko harriari lau plaza bana eman beharko dizkiote; bikotekide bakoitzak bina plaza osatu beharko ditu.

Harriarekin dituzten lanak amaitutakoan, aizkorari helduko diote. Lau kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman beharko dizkio. Handik berriz ere plazaren erdira abiatuko dira herri kirolariak, eta 50 kiloko txingekin zortzi plaza osatu beharko dituzte; bikotekide bakoitzak launa plaza egin beharko ditu. Proba amaitzeko, korrika egin beharko dute parte hartzaileek. Lau kilometro osatu beharko dituzte zezen plazan, eta gutxien egiten dituenak gutxienez hamasei itzuli eman beharko dizkio plazari. ETB1ek zuzenean eskainiko du finala Tolosako zezen plazatik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!