GUKA udako gehigarria banatuko du Karkarak uztaileko aldizkariarekin batera

Karkara 2021ko eka. 30a, 15:50

Uztailaren 2an banatuko du aldizkaria, eta zenbaki horrekin batera gehigarri berezia jasoko dute bazkideek.

Ostiralean, uztailak 2, banatuko du Karkarak uztaileko aldizkaria, eta zenbaki horrekin batera, GUKA udako gehigarria ere jasoko dute Karkararen bazkideek. Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) osatu du udako gehigarria, 32 orrialde ditu, eta Urola Kostan udan zehar egin daitezkeen plan desberdinak bildu ditu bertan: surfa egiteko txokorik onenen, egun pasak egiteko ibilbide desberdinen edota etxeko txikienentzat haur parke berezienen proposamenak. Uztarria, Baleike, Maxixatzen eta Urola Kostako Hitza hedabideetako harpideek ere jasoko dute gehigarria beren etxeetan.

Udako gehigarri bereziaz gain, uztaileko eta abuztuko ostiral guztietan GUKA magazinaren atal bereziak eskainiko dira Erlo Telebistan, eta Uztarriaren, Maxixatzenen, Baleikeren, Karkararen, Zarauzko Hitzaren eta Urola Kostako Hitzaren webguneetan. Saioak 22:00etan hasiko dira; gehigarrian argitaratutako edukien ikus-entzunezko bertsioak eta bestelako hainbat proposamen eskainiko dira horietan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!