Eremu berdean kokatuta daude Aia eta Orio

Julene Frantzesena - Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko uzt. 2a, 13:55

Aian maiatzaren 16tik bi positibo berri bakarrik atzeman dituzte, eta badira asteak intzidentzia tasa hutsean dagoela. Orion ere egoerak hobera egin du nabarmen azken asteetan, eta intzidentzia tasa 32,62koa da, azken datuen arabera. Gaur gaurkoz bi herriak eremu berdean daude kokatuta.

Herenegun baino kasu positibo gutxiago atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo Urola Kostan: orotara, bederatzi –herenegun hamasei–. Horietatik lau Zarautzen detektatu zituen, hiru Azpeitian eta bana Azkoitian nahiz Zumaian. Aian eta Orion, berriz, ez dute kasurik atzeman azken egunetan. Aian oso ondo aurre egiten ari dira izurriteari eta egoera bikaina da azken asteetan; izan ere, maiatzaren 16tik bi positibo berri bakarrik atzeman dituzte, eta badira asteak intzidentzia tasa hutsean dagoela. Orion ere egoerak hobera egin du nabarmen azken asteetan, eta intzidentzia tasa 32,62koa da, azken datuen arabera. Gaur gaurkoz bi herriak eremu berdean daude kokatuta.

Eskualdeko datuak apalak badira ere, Hego Euskal Herriko positibo kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, atzo 519 kasu zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Egunez egun ari da gora egiten zenbatekoa: 366 positibo detektatu zituzten asteartean, eta 458 asteazkenean. Igoera horri lotuta, aipatzekoak dira Gipuzkoako zenbait herritan (Hernanin kasu) eta Nafarroan izan den positibo kopuruak.

Atzo 6.628 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietan 406k eman zuten positibo: 45ek Araban, 178k Bizkaian, 170ek Gipuzkoan, eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste hamahiru lagunek ere bai. Beraz, %6,1 da positibotasun tasa. Gaur egun hiru lurralde horietako 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 132,65 da. Nafarroan, berriz, 1.550 proba gauzatu eta 113 positibo atzeman zituzten atzokoan; proba egin zuten herritarren %7,3k eman zuten positibo.

Positiboen kopuruak gora nabarmen egin badu ere, ospitaleetako egoera ez da aldatu. Izan ere, positibo eman duten herritarren ehuneko handi bat 18 eta 40 urte bitartekoa da. Osakidetzak emandako datuen arabera, 63 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19a tarteko, eta horietatik 33 daude ZIUn –herenegun baino bat gehiago–. Atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!