Intzidentzia tasak gora egiten jarraitu du Orion aste honetan

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 16a, 13:30

Azken egunetan izandako positiboen ondorioz, Orion okerrera egin du izurriaren egoerak, atzoko frogetan positiborik detektatu ez arren. Aiari dagokionez, zenbaki apalagoak ditu herriak, baina han ere gora egin du intzidentziak.

Izurriak azken astean Orion lagata dituen zifrak ez dira onak. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, lehengo ostiraletik atzora bitartean egindako frogetan 17 positibo detektatu dituzte denera herrian, eta horren ondorioz, eremu gorrian sartuta dago Orio gaur gaurkoz 407,70 tasarekin. Grafikoak argi erakusten duen modura, datuen goranzko joera argia da uztail hasieratik.

Aiari dagokionez, zenbakiak apalagoak dira, baina azken astean izan dira positiboak; sei, hain zuzen ere. Atzoko frogetan, zehazki, beste bi positibo atzeman zituzten. Hori dela eta, 352,64an kokatu da intzidentzia tasa herrian. Grafikoak erakusten duen bezala, Aian uztaileko zifrak okerragoak izan dira, ekainekoekin konparatuz gero.



Atzoko frogei dagokionez, Urola Kostan 48 positibo atzeman zituzten guztira. Herenegun baino kasu gutxiago dira —62 izan ziren orduan—; halere, eskualdeko herrietako intzidentzia tasek gora egiten jarraitzen dute.

Positiborik gehien Azkoitian eta Zarautzen atzeman dituzte, hamazazpi eta hamasei, hurrenez hurren. Azkoitian azken bi egunetan nabarmen egin du gora 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak, eta gaur-gaurkoz, 717,68koa da tasa. Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea; izan ere, 462,49tik 513,98ra igo da intzidentzia tasa, eta eremu gorrian jarraitzen du.

Bestalde, Zumaian zortzi kasu hauteman zituzten atzo, eta uneotan 1.119,37ko tasarekin Urola Kostako intzidentziarik altuena duen herria da. Azpeitian, bestalde, lau izan ziren probetan positibo emandakoak, eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin du; une honetan, 308,80koa da tasa, eta eremu laranjan dagoen eskualdeko herri bakarra da.

Gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aizarnazabalen 390,12, Beizaman hutsa, Getarian 282,69 eta Zestoan 282,49.

Ospitaleetako presioa, gora

Hego Euskal Herrian ere egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Atzo, guztira, 15.872 PCR eta antigeno test egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 1.967 izan ziren positibo eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (672), eta ondoren, Nafarroan (622), Gipuzkoan (482) eta Araban (163). Positibotasun tasari dagokionez, %11,3 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, %15,6.

Ospitaleetako presioak ere nabarmen egin du okerrera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 157 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 31 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 40 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hamar daude ZIUetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!