Bizikletak uzteko toki berria egokitu dute Bizkarreneko etxearen atzealdean

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 21a, 11:00

Udaletxe atzeko bizikleta-gunea maiz beteta egoten dela iritzita, toki berria egokitu du udalak, bizikleta-zaleen eta oinezkoen arteko elkarbizitza hobetzeko helburuarekin.

Herriko Plazan egin diren lanen barruan, bizikletak uzteko gune berria egokitu du udalak Bizkarreneko etxearen atzealdean, moilaren ondoan. 20 bizikletarentzako tokia dagoela zehaztu dute argitaratutako oharrean. Udaletxe atzeko bizikleta-gunea maiz beteta egoten delako erabaki dute berria egokitzea.

Hala, plaza ingurura bizikletaz hurreratu nahi dutenek toki gehiago izango dute orain bizikleta lotuta uzteko. Udalarentzat, hori nahitaezkoa da, oinezkoen eta bizikletazaleen arteko elkarbizitza hobetzeko bidean. 

Udalak gogorarazi duenez, Herriko Plaza oinezkoen eremua da orain, eta berritu duten inguru guztian galarazita dago bizikletan ibiltzea. Plazatik bizikletan pasatu nahi dutenek, bi aukera dituzte: bizikleta eskuan dutela gurutzatzea, edo errepidetik joatea, tarte horretan lehentasuna bizikletena baita.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!