Aste honetan gora egin dute intzidentzia tasek, eta 1.000ko langatik gertu dago Orion

Maria Maya Manterola-Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 30a, 13:29

Azken zazpi egunetan hemezortzi kasu atzemanda, Orion 978,47ra igo da kasu metatuen tasa; 831,70ekoa zen duela astebete. Aian zortzi positibo izan dira astebetean, eta 503,78an dago intzidentzia tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zertxobait behera egin zuen atzo kasu kopuruak, baina gora egin zuten ospitaleratzeek.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu du herriz herri egindako PCR eta antigeno proben berri dakarren txostena. Atzo bi kasu positibo baieztatu zituzten Orion, eta horrekin, hemezortzi dira astebetean (uztailaren 23tik 29ra) atzemandako kasuak: bi izan ziren atzo, hiru asteazkenean, sei asteartean, bost astelehenean, bi igandean, eta launa aurreko larunbatean eta ostiralean. Aurreko astearekin (uztailaren 16tik 22ra) alderatuta, ordea, astebetean behera egin du detektatutako kasuen kopuruak: Orion 34 lagunek eman zuten positibo aste horretan.

Azken orduetako datuekin gora egin du kasu metatuen tasak, 945,86tik 978,47ra. Aurreko ostiraletik hona ere hazi da tasa, 831,70an baitzegoen duela astebete.

Aian, bestalde, hiru kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Guztira zortzi kasu izan dira herrian astebetean, aurreko astean baino nabarmen gehiago: bi baino ez ziren izan orduan. Intzidentzia tasak, hala, gora egin du azken zazpi egunetan. 403,02koa zen aurreko ostiralean, eta 503,78an dago gaur-gaurkoz.

31 kasu eskualdean

Atzo, orotara, 31 koronabirus kasu hauteman zituzten Urola Kostan egindako probetan, herenegun baino 24 gutxiago. Kasu kopuruak behera egin du nabarmen, baina 5.000 biztanletik gorako zenbait herritan gora egin du intzidentzia tasak, hala nola, Orion nahiz Azpeitian. Azpeitian sei kasu zenbatu zituzten atzo, eta 762,16tik 775,30era igo da kasu metatuen tasa.

Zarautzen zertxobait behera egin du tasak, 839,51tik 818,08ra, baina herri hortan zenbatu dute kasu kopuru altuena, 11, hain zuzen. Behera egin du tasak Azkoitian ere –intzidentzia tasa mila puntutik behera jaitsi da eta 917,97koa da gaur-gaurkoz–, nahiz eta bi kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan. Bost kasu positibo detektatu zituzten, bestalde, Zumaian; 30 puntu jaitsi da herri horretan intzidentzia tasa azken datuekin, baina Urola Kostako herrietatik bertan dute egoera okerrena, 1.160,07 baita tasa. 

Getarian bi kasu hauteman zituzten atzo, eta 883,39koa da kasu metatuen tasa. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bestalde, ez zuten kasu bat bera ere atzeman atzo. Aizarnazabalen 130,04ean dute tasa eta Zestoan 898,82an; Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean mantentzen dute. 

Positiboek zertxobait behera, ospitaleratzeek gora

Hego Euskal Herrian egindako 14.551 PCR eta antigeno probetatik 1.696k izan zuten emaitza positiboa –1.980 ziren herenegun–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %11koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan, berriz, %13,9koa. Lurraldez lurralde, Bizkaian (776) zenbatu zuten kasu kopuru altuena, eta, ondoren, Gipuzkoan (388), Nafarroan (381) eta Araban (131). Lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean 20 kasu positibo hauteman zituzten, Osakidetzak emandako datuen arabera. 

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 243 lagun daude izurritearen eraginez Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Zaintza bereziak behar dituzten pertsonak, berriz, 62 dira hiru lurralde horietan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!