Intzidentzia tasa ostiraleko berdina da Orion eta Aian

Anartz Izagirre 2021ko abu. 2a, 13:23

Asteburuan bederatzi kasu baieztatu dituzte Orion, eta bat bera ere ez Aian. Hego Euskal Herrian oso altua da oraindik positibotasun tasa: %10,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5 Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Orion bederatzi kasu izan dira  —launa ostiralean eta larunbatean, eta bat atzo—, eta intzidentzia tasak ostiraleko bera izaten jarraitzen du: 978,47. Aian, ordea, ez dute kasurik zenbatu azken hiru egunetan. Han ere ez da aldaketarik izan kasu metatuen tasari dagokionez: 503,78an zegoen ostiralean, eta berdin mantendu da asteburuko emaitzen ostean.

Eskualdean, guztira, 73 positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan, aurreko asteburuan baino 28 kasu gutxiago. Hala eta guztiz ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute, eta oraindik ere oso altuak dira herri horietako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak.

Kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte azken hiru egunetan. 21 kasu izan dira han —ostiralean hamabi, larunbatean sei eta atzo hiru—, baina intzidentzia tasak behera egin du. Uneotan, 770,98koa da tasa. Azpeitian, bestalde, hamahiru kasu izan dira —ostiralean lau, larunbatean bost eta atzo lau—, eta intzidentzia tasak apur bat gora egin du, 788,44ra. Azkoitian, aldiz, 11 kasu zenbatu dituzte —hiruna ostiralean eta larunbatean, eta bost atzo—, eta nabarmen jaitsi da intzidentzia tasa, 767,75eraino.

Horrez gain, Zumaian hamar kasu izan dira —sei ostiralean eta bina larunbatean eta atzo—, eta hango intzidentzia tasak apurka-apurka beheranzko joera hartuen duen arren, oraindik ere eskualdeko tasarik altuena duen herria da; gaur-gaurkoz 1.058,31 da tasa. Bestalde, Zestoan bost kasu, Getarian hiru eta Beizaman kasu bat izan dira azken hiru egunetan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Zestoan 924,50, Getarian 848,06 eta Beizaman 806,45. Aizarnazabalen eta Errezilen ez da kasu berririk izan.

1.047 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko lau lurraldeei erreparatuta, 9.214 PCR eta antigeno test egin zituen guztira atzo, igandea, Osakidetzak eta Osasunbideak; horietatik, 1.047 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, (457), eta ondoren, Nafarroan (280), Gipuzkoan (200), eta Araban (95). Joan zen asteko igandean baino positibo gutxiago izan ziren atzo, baina oraindik ere positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %10,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5 Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, 299 eri daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 60 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 143 pertsona daude ospitaleratuta, eta 20 dira ZIUetan daudenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!