Orion ez da positiborik izan aspaldiko partez

IƱigo Gaiton 2021ko abu. 3a, 13:37

Positiborik izan ez arren, Oriok eremu gorrian jarraitzen du. Eskualdean 34 positibo izan dira azken orduetan, eta Hego Euskal Herrian 1.113.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi plazaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, Aian eta Orion ez da positiborik izan azken orduetan. 502,78ko eta 913,24ko intzidentzia tasak dituzte bi herriek momentu honetan, hurrenez hurren. Egun luzez positiboak zenbatu eta gero, etena izan du jarioak Orion, baina herriak eremu gorrian jarraitzen du oraindik.

Eskualdean 34 positibo izan dira azken orduetan. Zarautz izan da positibo gehien: 15 detektatu dituzte han azken orduetan, baina intzidentzia tasak behera egin du zertxobait, eta 749,56an kokatu da. Eremu gorrian jarraitzen dute. Azkoitian bederatzi positibo atzeman dira, eta intzidentzia tasak behera egin du han apur bat, 759,41ean kokatuz.

Azpeitian, berriz, sei izan dira kasu positiboak, eta intzidentzia tasak gora egin du pixka bat, 795,01 arte. Zumaian bi positibo detektatu dituzte, eta 1027,78ko tasarekin eremu gorrian jarraitzen dute han, Azpeitian bezalaxe.

Getarian —848,06— eta  eta Zestoan —898,82— positibo bana zenbatu da azken orduetan. Aizarnazabalen —130,04— eta Beizaman —806,45—  aldiz, ez da kasu positiborik detektatu atzo egindako probetan.

1.113 kasu Hegoaldean
Hego Euskal Herrian 11.631 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.113 positiboak izan dira. Araban 110 detektatu dituzte, Bizkaian 476, Gipuzkoan 300 eta bizitokia beste toki batena duten pertsonen artean beste 20. Erietxeen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 56 lagun gehiago ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko ospitaleetan. Gaur gaurkoz, 240 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz, horietatik 63 ZIUetan (herenegun baino 3 gehiago).

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, datuak “kezkagarriak” dira oraindik, baina aitortu du badela baikortasunerako motiborik, kasuen intzidentzia metatuan igartzen ari den beherakadarengatik. Oraindik goiz dela aitortu du, joera aldaketa bat gertatzen ari ote den baieztatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!