Gorka Etxeberriak IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa jokatuko du irailaren 4an

Anartz Izagirre 2021ko abu. 6a, 11:40

Eskualdeko bost kirolari lehiatuko dira iraileko bi kanporaketetan; tartean dira Gorka Etxeberria eta Izeta VI.a. Saio guztiak Azpeitiko zezen plazan izango dira, eta finala irailaren 25ean jokatuko dute.

Datorren irailaren 4an izango da IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa, Azpeitiko zezen plazan. Probaren antolatzaileek dagoeneko eman dute kanporaketa bakoitzean lehiatuko diren kirolarien berri, eta aurten, eskualdeko bost pertsona arituko dira nor baino nor gehiago lehian. Hain zuzen ere, irailaren 4ko kanporaketan Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra eta Gorka Etxeberria oriotarra arituko dira bigarren kanporaketara sailkatzeko borrokan. Horiez gain, Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Xabier Urrutia eta Mikel Agirre izango dira lehen proban.

Bigarren kanporaketa irailaren 11n izango da, eta Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra eta Jagoba Otaegi aizarnarra izango dira proba horretan arituko diren eskualdeko kirolariak. Horiez gain, Julen Gabirondo, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Aratz Mugertza, Jon Gisasola Zelai V.a eta lehen probako sailkatuak arituko dira lehian.

Lehen kanporaketatik lau kirolari sailkatuko dira bigarren kanporaketara, eta bigarrenetik, sei finalera. Irailaren 25ean jokatuko dute final handia Azpeitiko zezen plazan, eta hor erabakiko da nork eramango duen orain arte Xabier Zalduak jantzi izan duen txapela –aurten ez du parte hartuko–. Egun horretan jokatuko da IV. Euskal Pentatloi Sariaren emakumeen finala ere; Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe lehiatuko dira bertan.

Ohiko lanak probetan

Iazko txapelketan bezala, bosna lan egin beharko ditu parte hartzaile bakoitzak finalera sailkatzeko: ehun kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enborra ebaki, 50 kiloko txingekin hiru plaza egin eta zezen plazari korrika hamar itzuli eman. Finalean, aldiz, lan bikoitza egin beharko dute sei finalistek: ehun kiloko bolari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza osatu 400 kiloko harriarekin, hiru kanaerdiko moztu, 50na kiloko txingekin lau plaza osatu, eta korrika egin hiru kilometro, zezen plazari 30 buelta emanez.

Azken hiru urteetan egin diren Euskal Pentatloi Sari guztiak Xabier Zaldua zumarragarrak irabazi ditu, baina aurten lehian parte hartuko ez duenez, ikusteko dago nork eskuratuko duen txapela. Joan zen urteko beste finalistak Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares izan ziren, eta Gabirondorentzat eta Arria V.arentzat izan ziren bigarren eta hirugarren postuak. Gabirondo aurten ere lehian izango da, baina Arria V.a ez, erretiroa hartu baitzuen duela gutxi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!