Hondakinen bilketa zerbitzuaren inguruko zenbait ohar gogorarazi ditu mankomunitateak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 7a, 09:00

Hondakinen edukiontziak modu egokian erabiltzeko eskatu du, baita poltsak lurrean ez uzteko ere.

Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako hondakinen bilketa zerbitzua 2016tik dago Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) esku. 2018an sartu zen indarrean errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak txartel bidez irekitzeko sistema, "birziklatze mailan hobekuntzak lortzeko asmoz". Mankomunitatearen arabera, eskualdean "birziklatze maila ona" lortu da modu horretan, eta dei egin die herritarrei hondakinak "behar bezala eta dagokien edukiontzietan" botatzera. Gogorarazi du, gainera, hondakinez betetako poltsak ezin direla ontzien inguruan lurrean utzi.

Pandemia zela-eta, iazko martxoan erabaki zuen UKUEk irekita uztea errefusaren eta organikoen edukiontziak, "herritarren eta bilketa langileen osasuna bermatzeko". Dena den, udaberrian ezarri zen berriz ontziak txartel bidez irekitzeko sistema. Izorratuz gero edota galduz gero, mankomunitatearen bulegoetan eska daitezke txartel berriak.

Bestalde, UKUEk ohartarazi du atez ateko zerbitzuaren bidez jasotzen direla merkataritza eta ostalaritza establezimendu "handietan eta ertainetan" sortutako hondakin organikoak, errefusa nahiz kartoia. Ezin dituzte, beraz, hondakin horiek edukiontzi arruntetan bota.

Hondakin handiei dagokienez, mankomunitateak gogora ekarri du edukiontziak kokatuta dauden eremuetan utzi behar direla, baina astean behin soilik dagoela horretarako aukera. Egun zehatz bat dago finkatuta herri bakoitzean. Aian igandeetan atera daitezke hondakin handiak, 20:00etatik 22:00etara bitartean; Orion, berriz, astearteetan atera behar dira, ordu berdinean. Eskualdeko hiru garbiguneetara ere eraman daitezke hondakin mota horiek. Abuztuan astelehenetik larunbatera egoten da martxan zerbitzua, 08:30etik 13:30era astelehenetik ostiralera, eta 10:00etatik 12:30era larunbatetan.

UKUEko lehendakari Lourdes Salsamendiren esanetan, eskualdean indarrean sartu diren neurrien aurrean "jarrera ezin hobea erakutsi dute herritarrek hasiera-hasieratik". Hala ere, "arduraz eta ingurumenarekiko begirunez jokatzeko" deia egin du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!