Eremu horira igaro da Orio

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 16a, 13:11

Kasu bakarra zenbatu dute azken hiru egunetan Orion, eta bat bera ere ez Aian. Intzidentzia tasa 260,93ra jaitsita, eremu horian sartu da Orio.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, asko jaitsi da aurreko asteaz geroztik eskualdean atzeman dituzten positiboen kopurua. Azken hiru egunetan 53 kasu zenbatu dituzte, eta aurreko astean 87 izan ziren. Orokorrean, beraz, apaltzen jarraitzen dute egunez egun atzematen dituzten kasu berriek. Horren erakusle da Azkoitia eremu laranjara igaro dela, eta Orio horira. Izan ere, kasu bakarra zenbatu dute azken hiru egunetan Orion, eta Aian bat bera ere ez. Une honetan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azpeitia, Zarautz eta Zumaia dira eremu gorrian daudenak.

Intzidentzia tasek beherantz egin dute herri guztietan, Azpeitian izan ezik. Ostiraleko datuekin alderatuta, apur bat egin du gora adierazle horrek Azpeitian, baina oso gutxi. Hamalau positibo zenbatu dituzte guztira herri horretan azken hiru egunetan. Kasu gehien Zarautzen zenbatu dituzte: hemeretzi. Dena den, jaitsi egin da herri horretako intzidentzia tasa. Zumaian zazpi kasu hauteman dituzte azken egunetan, Azkoitian eta Zestoan bosna, Getarian hiru, Aizarnazabalen bi eta Orion bakarra. Aian, Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu asteburuan.

ZIUen okupazioak gora

Azken asteburuak aspaldiko daturik baikorrenak laga ditu positibotasun tasari dagokionez. Hego Euskal Herrian 6.111 proba diagnostiko egin zituzten guztira atzo, igandean, eta horietatik 641 lagunek eman zuten positibo. Positibotasun tasa %10,8koa  izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9koa Nafarroan. Lurraldeka, 293 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 150 Gipuzkoan, 97 Nafarroan eta 85 Araban.

Ospitaleetako datuek okerrera egin dute asteburuan. Une honetan 281 eri daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan (ostiralean baino 24 gehiago), eta horietatik 72 dira ZIUetan daudenak (ostiralean baino 11 gehiago). Nafarroan, berriz, 98 pertsona daude ospitaleratuta, eta 27 dira ZIUetan daudenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!