Galde-erantzunen jolasa egingo du bihar mankomunitateak, lau plazetan aldi berean

(Aritz Mutiozabal)

Plaza bete mezu lehiaketaren xedea da Kosta bailarako ostalaritzan eta merkataritzan kontsumoa sustatzea. Irabazleen artean 1.800 euro banatuko dituzte erosketa bonuetan.

Urola Kostako Udal Elkarteak  Plaza bete mezu galdera-erantzunen lehiaketa antolatu du biharko, eta aldi berean jokatuko da Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Kaleko egitasmo honen helburua "eskualdeko ostalaritza eta merkataritza guneetan kontsumoa sustatzea" dela nabarmendu zuen UKUEko presidente Lourdes Salsamendik, eta horretarako, irabazleentzako erosketa bonuak oparituko dituzte herriko ostalaritzan eta merkataritzan erabiltzeko.

Beraz, ostiral arratsean jolasleku bihurtuko dira Getariako Berdura plaza, Orioko Herriko plaza, Zarauzko Lege Zaharren enparantza eta Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plaza, 20:00etan. Kahoot izeneko sakelako telefonoaren aplikazioarekin egingo dute lehiaketa, eta 18 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte; adin txikikoen kasuan, heldu batek lagunduta egon behar dute. Parte hartzaileek Urola Kostako ostalaritza eta merkataritza sektorearekin zerikusia duten 25 galderari erantzun beharko diete; galdera bakoitzeko lau erantzun posible izango dituzte, eta erantzun zuzen gehien asmatzen dituen lehiakideak irabaziko du; berdinketa egonez gero, lehiakide azkarrena izango litzateke garailea.

UKUEk 1.800 euro bideratuko ditu guztira Plaza bete mezu galdera-erantzunen jolaseko sarietarako. Salsamendik zehaztutakoaren arabera, udalerri bakoitzean hiruna sari banatuko dituzte erosketa bonuetan, eta horiek dagokien udalerrietan erabili beharko dira. Hala, irabazleak 200 eurokoa jasoko du, bigarren sailkatuak 150 eurokoa eta hirugarrenak 100 eurokoa.

Kaleko dinamika honetan 97 establezimenduk egin dute bat Udal Elkartearekin. Parte hartuko duten establezimenduak identifikatzeko Plaza bete mezu lehiaketa iragartzen duten kartel bereizgarriak jarri dira establezimendu horietan. Era berean, gune horietan kontsumoa sustatzeko galderen erantzun zuzenak eskuratzeko aukera izango da irailaren 24a bitartean.

Erosketa edo kontsumo bakoitzeko, txartel bana banatuko dute. Beraz, zenbat eta txartel gehiago eskuratu, orduan eta aukera gehiago izango dute herritarrek.

Egitasmo hau UKUEk maiatzean abiatu zuen Nire Aukera Urola Kosta kanpainaren barruan kokatzen da. Kosta bailarako ostalaritza eta merkataritza suspertzea eta sektorearen lehiakortasuna areagotzea du xede, eta kanpaina urrian amaituko dela iragarri dute, 21 eguneko erronka batekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!