Zabalik da Urkome sarien zazpigarren ediziora proiektuak aurkezteko epea

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak eta ekintzailetasuna saritzea da Urkomeren xedea. Azaroaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak. Orotara, mila euroko sei sari banatuko dituzte, eta gainera, sari ireki bat ere banatuko dute.

Gaur, ostirala, zabaldu dute Urkome sarien zazpigarren ediziora proiektuak aurkezteko epea. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak eta ekintzailetasuna saritzea eta landa eremuko proiektuak ezagutaraztea dira sarien helburuak, eta gaurtik azaroaren 22ra arte izango da proiektuak aurkezteko tartea.

Orotara, sei Urkome sari banatuko dituzte aurten ere, eta proiektu bakoitzaren egileek milana euroko sari bana jasoko dute. Honako hauek dira sariak: nekazaritza jardueraren sustapena; landa eremuetako jarduera ekonomikoaren sustapena; landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu; landa eremuko balio aniztasuna agerian jarri; Iraurgi Berritzenen eta Urola Kostako Udal Elkartearen saria; eta landa eremuko emakume ekintzailea. Gainera, beste sari bat ere emango dute, sari irekia izenekoa eta boto bidez erabakiko dena, eta horren irabazleak eskualdeko produktu sorta bat irabaziko du.

Lanak Urkomeren bulegoan –Azoka Plazan dago– edo urkome@urkome.eus helbidean aurkez daitezke. Batetik proiektuaren edo egitasmoaren gaineko informazioa aurkeztu beharko da, eta bestetik datu pertsonalak. Erakundeek, elkarteek, norbanakoek nahiz sektoreko enpresek aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Zehazki, proiektuek 2021-2022 urteetan garatu edo amaitu beharko dituzte egileek. Epaimahai batek baloratuko ditu lanak, eta ondoren egingo dute sari banaketa ekitaldia. Dena den, oraindik ez dute zehaztu data.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!