Txinloren idi pareak irabazi ditu Aiako kintopeko probak, ikuskizuna emanda

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 3a, 13:33

Lehia estua izan da: Olidenen parea hirugarren gelditu da, baina irabazi duen idi parearengandik bi plaza baino gutxiagora. Aiako Udalak Paulo Aldalur eta Jose Luis Sarasola omendu ditu idi proben antolakuntzan urteetan egindako lanagatik. Orain, Aiako Udalak hartu die erreleboa.

Gozatu ederra hartu zuten atzo iluntzean Aiako probalekura bertaratu zirenek. Aiako XXIII. Kintopeko Idi Proben hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten han, eta ikuskizuna emanda eta marka guztiak hautsita, Lemoizko Txinloren idi pareak lortu zuen txapela janztea.

Atzoko saioan, hiru idi pare aritu ziren nor baino nor: Orioko Olidenen parea izan zen plazara ateratzen aurrena, Lopategiren parea bigarrena, eta Txinlorena hirugarrena. Olidenen pareak ordura arte Aiako probalekuan ezarrita zegoen marka hautsi zuen, 55 plaza, 2 zinta eta 0,50 metro eginda. Jarraian, Lopategiren pareak, 56 plaza eginda, aurrea hartu zion Olidenenari. Eta bukatzeko, Txinloren idiek Lopategirenek jarritako marka hautsi zuten, 57 plaza eginda. Hirurek ere "sekulako ikuskizuna" eman zutela azaldu du Arkaitz Iruretagoiena Aiako Udalaren ordezkari eta kintopeko proben antolatzaileak. "Marka guztiak hautsita, bi plazaren barruan gelditu ziren hiru pare onenak. Horrelako lehia ikusteko, merezi du probak antolatzeko lana hartzeak".

Aiako Udalak Paulo Aldalur eta Jose Luis Sarasola omendu zituen atzoko saioaren bukaeran, Aiako idi proben antolakuntzan urteetan egindako lanagatik. Iruretagoienak azaldu du aspaldian ari zirela errelebo eske, eta orain Aiako Udalak hartu duela idi probak antolatzeko ardura.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!