HITZ TANTAK

Arantxa Satrustegi

Onintza Lete Arrieta 2021ko aza. 7a, 11:00

Urriko KARKARA aldizkarian loreak eta landareak saltzeaz eta horiekin lanak egiteaz azalpenak eman zizkigun Arantxa Satrustegi oriotarrak.

Lore-artea ez da ohiko ofizioa, ezta ohiko  negozioa ere herri txiki batetan. Arantxa  Satrustegik (Orio, 1968) gogoko ditu landareak eta  horiekin konposizioak egitea, eta loradenda  dauka Orioko erdigunean duela hogei urte baino  gehiagotik. Pandemiak ez dio kalterik egin; alderantziz, izurriteak jende asko jarri du etxe barrura eta balkoi nahiz terrazetara begira, eta lan  asko izan dute hilabete hauetan.

Jendearen gustuak aldatuko ziren denda zabaldu  zenuenetik, ala?

Beti doaz aldatzen, modak izaten dira. Momentu honetan, adibidez, modan daude zuri, beltz, gris  eta beix koloreak; ez dago beste ezer. Eta neuri ez  zait gustatzen hain itxia egotea koloreei, eta  kolore bila aritzen naiz. Andregaien lore-sortetan  ere aldatu dira joerak; lehen beherantz erortzen  ziren sortak zeuden modan, eta orain oso arraroa da horrelakoak egitea, sorta txikiak egiten dira.

Kolorez eta lurrinez inguratuta, lan atsegina dirudi. Gogorrena zer da?

Ordutegia. Gainerakoan, asko gustatzen zait nire
lana, oso gustuko dut sortak eta apaingarriak  egitea. Landareei kontu egitea ere asko gustatzen  zait, etxean ere landare mordoa dut.

Azken hilabeteetan, derrigorrean etxe barruetara  begira jarri dira herritarrak. Zuentzat pandemia ona izan da zentzu horretan?

Denak du bere alde ona eta txarra, eta guretzat  ona izan da lanari begira. Jendea etxea
txukuntzeko eta polit jartzeko gogoz ibili da, eta asko saldu da.

Oriotarrek zer gustu dituzte lore kontuetan?

Kolore horia asko saltzen da. Loreak erostera joaten naizenean, beti esaten dute: “Hemen dator oriotarra”. Kalanchoe landarea, esaterako, kolore desberdinetan ekartzen dute, baina hori kolorekoak han gelditzen zaizkie, eta nik erosten dizkiet guztiak. Kala horiak ere nik ekartzen ditut gehienbat.

Aiarren eta oriotarren artean desberdintasunik bai?

Batere ez.

Adinaren arabera aldatuko dira gustuak.

Asko. Adibidez, adineko batzuei orkideak ez zaizkie batere gustatzen; aldiz, oso gustuko
dituzte anturium deiturikoak, eta gazteek, berriz, ez dute hainbeste erosten landare hori;
errazago erosten dituzte orkideak. Kanporako landareetan ere, helduagoek geranioak erosten dituzte, eta gazteek ere bai azkenerako, ikusten dutelako oso politak gelditzen direla, baina beste kolore batzuk, edo beste estilo bat nahi izaten dute.

Udazkena iritsi zaigu. Orain zer landare tokatzen dira?

Geranioek, adibidez, urte osoa irauten dute, baina uda ondoren ez dituzu aurkituko  haztegietan; ez dira saltzen. Orain ziklamenak, azaleak, neguko loreak daude. Udazkena beroa suertatzen bada sufritu egiten dute: iparraldean jarrita ondo egoten dira, baina hegoaldean jartzeaz, itxaron egin behar da pixka bat.

Aholkurik?

Kontuz urarekin; normalean itotzeagatik hiltzen dira-eta landareak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!