Ekintzaileak, herri txikietan

Aritz Pardina 2021ko aza. 15a, 15:03

Aia eta Orio hazi egin dira azken hamarkadetan. Bi herriek izan duten garapen horren ondorioz, besteak beste, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko muga lausotu da, eta badira eraldaketa hori negozio edo proiektu berriei ekiteko baliatu duten gazteak. Bi herrietako hiru ekintzaile elkarrizketatu ditu KARKARAk, erreportajea osatzeko.

Norbere kabuz proiektu bat abian jartzea beti da erronka bat. Herri txikietan, gainera, zalantzak eta oztopoak areagotu daitezke, komertzioaren aniztasuna, besteak beste, biztanleriaren eta haren aniztasunaren baitakoa izan ohi baita. Hala eta guztiz ere, Aian eta Orion orain arte oso hedatuak ez zeuden jarduerak zabaltzen ari dira eta, hirigune handiagoetan aurki daitezkeen negozioak aurki daitezke orain.

Orioko Merkataritza eta Turismoa udal departamenduak emandako datuek bilakaera hori argi azaltzen dute, 2012. urtean inflexio puntua baitago. Ordura arte, besteak beste, aseguru etxeak, elikadura dendak, tabernak eta estetika zentroak zabaldu ziren herrian. Erreportaje honetara ekarritako negozioetatik gertuago, aurrekari moduan, 2009an zabaldutako belar-denda aipa daiteke. Dena den, denda hori lehen terapia edo botika “alternatiboen" establezimendu modura uler bazitekeen ere, gaur egun erabat normalduta dagoen komertzio bat dela esan daiteke.

Hala, 2012a ezkero proiektu berritzaile askok zabaldu dituzte ateak, yoga eskola eta gimnasioak, gorputz mugimendu eta espresiorako guneak eta fisioterapia eta masaje zentroak, kasu. Negozio bat zabaltzeak beti arriskua ekartzen badu ere, halako denda eta guneen irekierak zalantza erantsiak sor ditzake, izango duten harrera kalkulatzea zaila baita. Errealitate hori hobeto ezagutzeko, KARKARAk hiru ekintzaile elkarrizketatu ditu: Itxaso Gonzalez, Merak: kalitatez bizi (Aia) belar-denda eta terapia-tailerra zabaldu berri duena; Elene Tamayo (Orio) artista multisiziplinarra; eta Ane Otamendi The Pass (Orio) kafetegi eta arropa dendaren jabea.

Mundu osoa kolpatu duen koronabirusaren izurriteak ere bete-betean harrapatu ditu elkarrizketatuak, baina, ekonomikoki garai zailak izanda ere, hiruek hartu dute haien proiektuekin aurrera egiteko erabakia. Gaur egun, dena dela, egoera ez da erabat desiragarria. Hala azaldu du Gonzalezek: «Ez dut erraztasunik eduki. Bere garaian, Aian dirulaguntzarik ez nuela erantzun zidaten».

Tamayok, bestalde, artearen alorrean egiturazko «zailtasun ugari» dagoela ere nabarmendu du, ekonomiaren ikuspuntutik baino, materialari, azpiegiturari eta beste kideekiko elkarrekintzari dagokionez: «Gipuzkoa mailan oso zaila da artearen munduan jardutea eta aurrera egitea. Ez dago Bizkaian edo beste lurraldeetan aurki daitezkeen tailerrak, ezta artisten artean ematen den laguntza ere».

Zailtasunak zailtasun, halako negozioen alde onak ere nabarmendu dituzte ordea. Otamendik dioen moduan, herri txiki batean negozioa irekitzeak beldur pixka bat eman badezake ere, «halako establezimendu berriek ikusmin handia sortzen dute hasieran, eta jendea asko hurreratzen da».

Zentzu horretan, herrien hazkundea eta jende gaztearen etorrera medio, baikortasunez hartu dute hiruek etorkizuna: osasunaren, kulturaren eta salerosketen gainean duten ikuspuntuak, Aia eta Oriok tradizioz dutenarekin batuz gero, herrientzat aberasgarria izan daitekeela iritzi diote.

"BIZIPEN PROPIOEK ERAMAN NAUTE DENDA IREKITZERA"
Itxaso Gonzalez (Merak dendaren arduraduna)



Zer eskainiko du 'Merak: kalitatez bizi' dendak?

Hiru zatitan banatutako lokala izango da. Batetik, denda. Belar-dendako produktuak, bertako nekazarien barazkiak eta ehungintza ekologikoa izango dira eskuragai. Bestetik, terapia alternatiboak ere eskainiko ditut, hasiera batean biomagnetismoa eta nutrizionismoa. Bestelako terapiei ez diet, noski, aterik ixten.

Azkenik, monitoretza ere egingo dugu. Yogarekin hasiko gara momentuz, nahiz eta lokaleko gela hori haurren tailerrak eta beste hainbat arlo lantzeko ere erabili nahiko nukeen, esaterako, helduen mantentzea eta biodantza. Ireki eta gero zehaztuko ditut zerbitzu horiek.

Zerk eraman zaitu Aiara?
Batik bat, kokapenak eta lokalak. Hasiera batean zalantzan aritu nintzen Orion ireki edo ez, baina Aian egokitu zitzaidan lokala nahi nuenerako aproposa zela ikusita, han irekitzea erabaki nuen azkenik. Gainera, Orion badago belar-denda bat jada, eta horrek ere animatu ninduen Aian probatzera.

Ez dut uste, bestalde, kokalekua arazo bat izan daitekeenik. Azken batean, giro honetan mugitzen den jendea behar den tokira mugitzen da, gustura badago behintzat.

Arropa ekologikoa, tailerrak, terapia alternatiboak… Zer da halako proiektu berezi bati ekiteko beharrezkoena?
Oroz gain, gauzak garbi edukitzea. Badakit nire helburua zein den, eta horren bila noa. Horrelako proiektu alternatibo bat aurrera eraman nahi duenarentzat funtsezkoa da ondo informatzea, gauzak ondo begiratzea eta lokala ondo aukeratzea.

Ahal den neurrian, norbere kabuz aritzea ere garrantzizkoa da, besteek egiten dutena oso kontuan izan gabe: norbere izaera eta nahia jarraitzea nabarmenduko nituzke. Ondokoari begiratzea kaltegarria izan ohi da horrelakoetan, arriskatzen ari zalera ikusten baituzu garbi. Ordea, saiatzen denak fruituak jasotzen ditu, eta norbere sentipenari jarraitu behar zaio. Beldurrarekin ez dugu ezer ere egiten.

Arrisku puntu hori sentitu duzu Aiaren aldeko apustuan?
Halako dendak ohikoagoak dira hirietan, ez hala herri txikietan. Baina Aia asko hazten ari da azkenaldian, gazte asko dago, eta nire ustez umeen elikaduraren eta ongizatearen kontzientzia handia garatzen ari gara, orokorrean, denbora gutxian. Nire iritziz harrera ona izan dezake negozioak.

Nondik datorkizu denda irekitzeko nahia?
Nire bizipen propioek eraman naute Merak irekitzera. Urteak daramatzat terapeuten eta terapia naturalen munduan barneratzen eta esperientzia biltzen. Haiei esker bizi kalitatea hobetu dut, beste pertsona bat naiz. Norbere esperientziatik abiatzea ere oinarrizkoa iruditzen zait horrelako proiektuetarako. Azken finean, norbera gustura egoteak eta sentitzen duena egiteak ziurtasuna eta goxotasuna transmititzen dute, eta hori funtsezkoa da bezeroak zaintzeko. Gertutasun hori izan ezean, nekez etorriko zaizu inor.

"NORBERAREN BIDEARI EUTSI BEHAR ZAIO"
Elene Tamayo (Diseinatzailea eta ilustratzailea)

Artea duzu ogibide: zein diziplinekin egiten duzu lan?
Teknika artistiko ezberdinak lantzen ditut, batik bat ilustrazioa, zeramika eta estanpazioa. Izatez, ilustrazioa da gehien egiten dudana. Madrilen loradenda batean ere aritu nintzen lanean —sei urte egin ditut han bizitzen—. Alor hori ere oso gustuko dut.

Arteaz bizitzeko, aldea dago Orion edo Madrilen bizi?
Handia. Hasieratik nekien Oriora bueltatuko nintzela. Batetik, familia hemen dudalako, eta, bestetik, inspirazio iturri paregabea delako. Madrilekin edo Bilborekin alderatuta, ordea, zailtasun asko ikusten ditut ez Orion bereziki, baina bai Gipuzkoa mailan. Zeramika aldetik adibidez, tailerrak egon badaude, baina ez dute beste lekuetan bezala funtzionatzen. Esaterako, zeramikarako labea behar izan dudanean laguntzeko prest dagoen tailerrik ez dut aurkitu, eta, Madrilen, kontrara, aise uzten zizuten (pribatuak izanda ere) labeak-eta erabiltzen.

Online salmentak eskaintzen dituzu: nolakoa deritzozu egungo zure egoerari? Zer harrera izan duzu herrian?
Ona. Beti izan da hala. Madrilen nengoela ere Euskal Herrira bidaltzen nituen pakete gehienak, gehien bat Oriora eta inguruko herrietara. Espazioa han nuen, baina bezeroak eta ikusleria hemen. Merkatuetan, esaterako, Madrilen gutxiago saltzen nuen, nire ustez hemen eskuz egindako obrak gehiago apreziatzen direlako. Alde horretatik, hemengo egoera hobea da.

Zer planteamendu duzu etorkizunerako?
Martxoa amaieran bueltatu nintzenetik ikuspuntua aldatu dut, eta nire kontura tailer bat irekitzeko ideia dut. Lokala hartu beharko dut beraz. Lehen, etxean egindakoa saltzen nuen, besterik gabe. Orain, ostera, beste espazio bat izatea komenigarria iruditzen zait, erakusleiho moduan ere balio lezakeena; nire lanak jendeari erakusteko toki bat, artista-estudio moduko bat. Azken batean, etxea txikia gelditzen da, beharrezkoa dut labea, honek beroa sortzen du… Horrez gain, uste dut Orioko gazteak eskulanak egin eta mundu hori ezagutzeko gogoz daudela.

Etorkizun hurbilean, arteak Orion goraka egitea espero daiteke?
Gustatuko litzaidake hori ezagutzea. Izan ere, ez naiz herriko sortzaile bakarra, eta Oriok erlazio zuzena du artearekin. Oteiza etxekoa dugu, eta, nolabait, herrian haren aitortza galdu dela uste dut. Herriko sortzaileen tailer geiago izatea herriaren izaera hori nabarmentzeko modu bat izan liteke.

Zein da proiektu artistiko bat burutzeko beharrezkoena?
Gogoz saiatzea. Beti izango dira aldekoak edo aurkakoak, baina jarraitu egin behar da bakoitzaren bidearekin. Gainera, inoiz ez da lehenengoan ateratzen. Nire kasuan, esaterako, proiektuaren hastapenean gorakada bat izan nuen, baina gero beherakada txiki bat. Ohikoena da hori gertatzea. Ordea, une horretarako jada inbertituta dago denbora eta esfortzua, eta berdin jarraitu behar da. Eta saiatu. Saiatu, beti.

"LOKAL BATEK IZAERA PROPIOA IZATEA EZINBESTEKOA DA"
Ane Otamendi (The Pass denda eta kafetegiaren arduraduna)



Zer balorazio egiten duzue The Pass-ek izan duen harreraren inguruan?
Hasiera batean ez genuen aurreikuspenik, ez genuen horretan pentsatu. Lokala egokitzeko lanak egiten ari ginenean, ostera, beldur puntu bat sartu zitzaigun, ez baikenekien jendearen erantzuna zein izango zen. Irekitakoan, ordea, jendea hurreratu zen. Gainera, nahiz eta gazte estiloko denda dirudien, adin guztietako jendea etortzen da, eta hori asko gustatzen zaigu.

Zergatik Orion? Zarautzek eta Donostiak, esaterako, aukera hobeak dirudite halako proiektu batentzat.
Bai, egia da. Zarautz edo Donostia aukeratu izana zentzuzkoagoa zatekeela dirudi, biztanle kopuruaren nahiz surfaren ikuspuntutik. Gainera, Donostian bizi gara, eta lehen ideia han irekitzea izan zen. Gure nahia ez zen ordea surf denda bat zabaltzea, arropa denda eta kafetegia uztartzea baizik. Ideia horretara gaude lerratuta hasieratik, eta surfak ez du hainbesteko garrantzia The Passi dagokionez, presentzia nabaria badu ere. Bestalde, lokala Josebaren [proiektuko beste kidea] familiarena da; libre zegoen, hutsik urte pila batean, eta ni lanik gabe geratu nintzenean lokala eskaini ziguten, eta hemen ireki genuen.

Zer garrantzia du denda batek izaera markatu bat izateak?
Ehuneko ehuna, nire ustez. Irekiko genuen edo ez jakin gabe ere, betidanik landu izan dugu proiektu hau, aspalditik dihardugu gustuko ideiak eta adibideak aintzat hartzen. Oso garbi geneukan nahi genuena. Kontrara, zalantzak badituzu eta besteek gomendatutakoa egiten hasten bazara, dendaren izaera jartzen duzu jokoan. Askotan iradoki digute, komertzialek esaterako, pintxoak, ardoa edota garagardo-iturria jartzea, jende gehiago erakarriko dugulakoan, baina garbi dugu zer nahi dugun eta zer ez.

Badago, orduan, gustuaren eta gertutasunaren arteko erlaziorik?
Nire ustez bai. Jendea tokia gustatzen zaiolako etortzen da, hemen dagoenarekin identifikatuta sentitzen delako, nahiz eta gure estilokoa ez izan; hori gustura ikusten gaituztelako gertatzen da. Hau ohiko taberna balitz ez ginateke gustura egongo, eta, gu gogoz kontra ikustean, jendea ez litzateke berdin etorriko. Ez ditugu modak jarraitzen, ez nukeelako jakingo gustuko ez dudan zerbait saltzen.

Zentzu gehiago du proiektu berritzaile batek tradizioari lotuago dauden herri txikietan? Indartu egiten zaituzte horrek, ala kaltetu?
Bi aldeak ditu. Herrian gurea bezalako besterik ez dagoenez, jendea animatu egiten da. Eskaintzen ditugun yoga eta gosari formulak, esaterako, izugarrizko arrakasta du, eta jendeak askotan azaldu digu esker ona. Baina ezin da alderatu sei mila biztanleko herria ia berrehun mila biztanleko hiriarekin, izan dezakezun bezero abanikoa asko murrizten delako hemen.

Zer aholkatuko zenioke zuena bezalako proiektu bat eskuartean duenari?
Hau da nire aholkua: buruan oso argi baduzu gustuko proiektu bat, eta egiteko aukera suertatuz gero, egin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!