Orioko intzidentzia tasak igoera nabarmena izan du; Aiakoa, aldiz, jaisten ari da

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 6a, 13:40

Ostegunaz geroztik 41 positibo zenbatu dituzte Orion eta bederatzi Aian, eta uneotan intzidentzia tasa 1.360ren bueltan dabil bi herrietan. Joera, ordea, oso desberdina da batean eta bestean: Orion ia bizkoiztu egin da joan den astelehenetik —782,78koa zen duela astebete—; Aian, ostera, jaistera egin du —1.712,85koa zen duela astebete—.

Eusko Jaurlaritzak orain minutu gutxi atera du koronabirusaren bilakaeraren inguruko txostena, eta han jasotako datuen arabera, ostegunaz geroztik 41 positibo atzeman dituzte Orion eta bederatzi Aian. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa 1.369,86ra igo da Orion, eta 1.360,20ra Aian. Joan den asteleheneko datuekin konparatuz gero, joera oso desberdina da batean eta bestean. Orion ia bizkoiztu egin da intzidentzia —782,78koa zen duela astebete—; Aian, ostera, jaistera egin du —1.712,85koa zen duela astebete—.

Urola Kostan, berriz, 362 positibo baieztatu dituzte azken lau egunotan. Azpeitiko egoera da denetan kezkagarriena: ostegunaz geroztik 116 kasu atzemanda, 2.943,50eko da hango intzidentzia tasa. Zarauzko egoerak ere nabarmen egin du okerrera. Lau egunean 111 kasu hauteman dituzte han, eta intzidentzia tasa oraindik Azpeitikoaren erdira iristen ez den arren, oso bizkor ari da igotzen. Gaur-gaurkoz, 1.400,61ekoa da tasa. Zumaian, 31 positiborekin, 976,90ekoa da tasa; eta Azkoitian, hogei positiborekin, 1.034,80koa.

5.000 biztanletik behera dituzten eskualdeko herrietan, egoera ez da lasaigarriagoa. Zestoan hamazazpi positibo atzeman dituzte azken lau egunotan, Getarian hamabi, Aian bederatzi eta Aizarnazabalen lau. Intzidentzia tasa oso altuak dituzte guztiek, 1.000tik gorakoak, eta Getariak ia 2.000koa du. Errezilen eta Beizaman bareago dago egoera. Errezilen kasu bat baieztatu dute ostegunaz geroztik, eta Beizaman bat bere ere ez.

Hego Euskal Herrian, 1.500 positibotik gora

Hego Euskal Herrian, soilik atzo, 1.548 positibo zenbatu zituzten, eta pixkanaka-pixkanaka hazten doa ospitaleetako presioa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, duela astebete COVID-19ak jotako 229 lagun zeuden Arabako, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 266 dira gaur. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ere, goranzkoa da joera: joan den astelehenean 49 lagun zeuden, eta 70 daude gaur.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!