"8 urtera arte, izugarrizko tresna da psikomotrizitatea"

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 7a, 16:57
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Haur Hezkuntza etapa ondo ezagutzen dute Ainhoa Zumetak (Orio, 1979) eta Mari Jose Garatek (Orio, 1963), bai teoriari dagokionez, bai eguneroko praktikari dagokionez. Izan ere, hamar urteko ibilbidea du Zumetak haur hezkuntzan, eta gaur egun Zaragueta ikastetxeko zuzendaria da. 1984tik Orioko Herri Ikastolan Haur Hezkuntzako hezitzailea da, berriz, Garate, eta Konfiantzaren Pedagogia izeneko alorraren dinamizatzailea da.

Azken urteetan aldatu egin da umea ikusteko edo berarekin lan egiteko modua. Nola gogoratzen dituzue lehengo garaiak?

Mari Jose Garate: Umea ume ikusten genuen, baina garai hartako pentsamendua zen irakaslea zela irakasten zuena. Espazioak ere mahaiz beteta edukitzen genituen, eta gehiago lantzen zen alderdi kognitiboa. Ez genituen kontuan umearen erritmoak, aniztasuna... Goxotasuna hor zegoen, baina oso desberdina zen garai hartako planteamendua, beste begirada bat zen; asko aldatu da. Beharbada Ainhoak ez du horrenbesteko aldea ikusi.
Ainhoa Zumeta: Gaur egun sinesten dugu umeak bere gaitasunak dituela eta horiek garatzen lagunduko diogunak garela gu; hor dago aldaketa, begiradan. Hala ere, nik uste dut aldaketa horretan hasi bakarrik egin garela. Ikasketa askoren, hausnarketa askoren ondoren ari gara bide hori egiten, baina urteak beharko dira.
M.J.G.: Argi dugu umea dela hezkuntza prozesu honetan subjektu aktiboa. Gu, berriz, egunero ari gara behatzen, bidelagun gisa, eta erronkak jartzen. Bestalde, geure jarduna ere beti begiratu behar da; ondo egin dugu? Ez? Zer zuzendu behar da? Materialarekin, berdin. Beti ari gara guztia behatzen eta hausnartzen horren inguruan, hobetzeko eta aurrera egiteko.

Horrekin lotuta, Eider Salegik egin duen tesian Haur Hezkuntzako hezitzaileak begirada sentikorra izatearen garrantzia azpimarratu du; berak hala deitu dio.

A.Z.: Umearen bidelagun garela esaten dugunean, errespetuzko begiradari buruz ari garela uste dut. Saiatzen gara ulertzen ume horiek uneoro nola dauden, askotan ez direlako gai hitzez esateko, baina gorputzarekin esaten dutelako. Eta sentikortasuna hortik ere badago: hausnarketa eta behaketa, eta noski, geure buruen azterketa ere egin behar dugu, ez besteena bakarrik.
M.J.G: Haurra gaitasunez betetako pertsona bat da, baina gaitasun horiek garatzeko, konfiantza izan behar du bere buruarengan, eta horretarako beharrezkoa da guregan izatea, eta baita ingurunearengan ere. Begiradan garrantzia jartzen dugu, lortu behar dugulako haur horrek gurekin lotura afektibo bat egitea: konfiantzazko begirada bat, maitatua den begirada, esaten diona ulertzen zaitut, zugan sinesten dut, begirada bat begietara begiratzen duen hori baino harago doana. Haurrak ikusi behar du begirada horretan guk beragan sinesten dugula eta bere gaitasunetan. Gu, azken batean, bere ispilu gara. Seguru sentitzen bada, esploratzen hasiko da.
A.Z.: Presentzia ere oso garrantzitsua da: heldua dagoenean haurrarekin, egon egin behar du. Zeren, askotan, helduok hor gaude, baina burua beste zerbaitetan edukitzen dugu. Umeak sentitu behar du zu berarekin zaudela.
M.J.G.: Eta begirada horretan ere oso garrantzitsua da, nire ustez, familiarekin harremana. Familiaren eta gure artean konfiantza baldin badago, hori transmititu egiten zaio umeari ere. Denok ekipo bat gara haurraren garapen integralaren bide horretan.

Aipatu duzue haurrak ez direla gauza guztiak hitzez azaltzeko gai, baina gorputzak, mugimenduaren bidez, asko esaten duela. Psikomotrizitateak garrantzia handiagoa du azken urteetan hezkuntzan, ezta?

M.J.G.: Uste dut horretara garai batean baino askoz bitarteko gehiago jartzen ditugula; azken batean, garapen integralaz ari garenean, ari gara garapen kognitiboaz, garapen emozionalaz, eta motorraz. Haurrak bere baitan dakarki mugimendua; haurrarentzat mugimendua da guretzat hizkuntza dena, bera mugimenduarekin komunikatzen da, Ainhoak esan duen bezala. Mugimenduarekin adieraziko dizkigu emozioak, beharrak, nahiak, zailtasunak... Eta saiatzen gara eskaintzen haurrari espazioak, estruktura tridimentsionala, materiala... bera lasaitasunez eta askatasunez mugitzeko.
A.Z.: Niretzat psikomotrizitateak garrantzia handia du, eta ematen zaion inportantzia baino handiagoa eduki beharko luke. Zergatik? Bada, heldu batek, zailtasunak dituenean, psikologoarengana joaten delako eta han askatzen duelako barruko korapiloa. Haurrak ez dira gai horretarako, eta psikomotrizitateak, mugimenduaren bitartez, sinbolismoaren bitartez, ume horrek adieraztea lortzen du, edo guk ulertzea edo interpretatzea zer gertatzen ari zaion. Horregatik, 8 urtera arte izugarrizko tresna da psikomotrizitatea. Haur Hezkuntzan oso-oso garrantzitsua da terapeutek egiten duten lana zailtasun handi bat dagoenean. Bestalde, ikastetxeetan psikomotrizitate gelak daude, hor eskaintzen zaie mugimendurako aukera umeei, eta bitartean, irakasleak begira egoten gara, eta hor ikusten ditugu gelan ikusten ez diren gauza asko. Arau batzuk jartzeko aukera ematen dizu, muga batzuk, garapen prozesuan non dauden ikusten da... gauza askotarako bidea ematen du.

Zuen ustez, zein da Haur Hezkuntzaren helburua gaur egun, 2021.urtean, edo zerk izan behar luke?

A.Z.: Haurrek 6-7 urterekin ematen dute abstrakziorako bidea, eta bitarte horretan, pertsona bakoitzaren oinarri sendoak garatzen dira, edo garatu behar lukete. Batez ere, 0-3 adin tartea da oso garrantzitsua, ni-aren eraikuntzan daudelako. Gero, 3-6 tartean sozializatzeko garaia izaten da, sinbolismoarena. Uste dut garrantzitsua dela hori guztia ondo eginda pasatzea hurrengo etapara. Umeak oreka izatea eta barruko lasaitasuna izatea da inportantea, umea lasai badago, bizitza osoan zehar egongo delako lasai. Hausturak eta hutsuneak ume-umetan egoten dira, eta horiek nolabait lehenbailehen detektatzea da garrantzitsua. Hiruki bat osatzen da hor: umea, irakaslea eta familia. Oreka hori ahalik ondoen aurkitu behar da.
M.J.G.: Konfiantza giroan hezten den umea edo gaztea, gero gai izango da bere bizitzan zehar etortzen zaizkion egoerei eta arazoei aurre egiteko. Haur Hezkuntza lorategi bat bezalakoa da zentzu horretan: guk erein egiten dugu lurra, ura botatzen dugu, ongarria... eta, askotan, benetan loratzeko momentua ez dugu ikusten; gerora, urrutira ikusten da.

Euskararen garrantzia ere txikitatik erein beharko da...

A.Z.: Euskararen oinarri sendo bat emanda egiten dugu lan, eskolak garrantzia handia ematen dio horri. Beti eduki du, eta beti edukiko du.
M.J.G.: Hori da. Ikusten dugu, gainera, azterketak eta egiten direnean euskararen erabileraren inguruan, beharra badagoela.
A.Z.: Uste dut ikastetxeak bakarrik ari garela euskararen transmisioa egiten, etxetik aparte, noski. Baina gizarte osoak egiten ez badu zerbait, hemen alferrik ari gara.
M.J.G.: Zuzenean aurrena familiekin egin behar da lan, gero herriko beste eragileekin, eta azkenik, goiko mailetara joan behar dugu. Baina gurasoekin lan handia egin beharra dago, askok etxetik ekartzen dutelako euskara, baina beste askok ez. Eta hausnarketa egin behar dugula uste dut...
A.Z.: ...euskara modu ludikoan lantzeaz...
M.J.G.: ...bai, eta baita erabilerari dagokionez ere, zeren euskaraz dakigunok, euskaraz egin behar dugu. Eta gurasoek euskaraz baldin badakite, euskaraz egin behar dute.

Haur Hezkuntzan umea ikusteko moduan egon diren aldaketak aipatu dituzue, baita konfiantzaren garrantzia, psikomotrizitateak hartu duen indarra, etab. Hezkuntzan hartu den bidea sintonian al dago familien eta gizartearen ikuspegiarekin?

A.Z.: Nik uste dut ikastetxe aukeraketa bat dagoenean, proiektu pedagogiko horrekiko hautua egin dutela gurasoek. Gero, askotan, guri tokatzen zaigu konpentsatzea gizarteak ikusten ez dituen kontu batzuk, guk, gure ikasketengatik edo gure hausnarketengatik ikusten ditugunak. Familiekin, bileretan eta hitz egiten dugu beharrak non ikusten ditugun azaltzeko. Askotan alde negatiboa azpimarratzen diegu, eta uste dut alderantziz egin behar dela; zoriondu egin behar dira gurasoak, ondo ari diren eremuetan. Izan ere, familiek gauzak oso ondo egiten dituzte. Umeak gurekin ordu batzuk egoten dira, baina familiek hazten dituzue, ez guk. Bestetik, gu ere gizartea gara, eta etxe bakoitza mundu bat da, errealitate bat da, eta uztarketa hori egitea da gure lana.
M.J.G.: Bestetik, nik uste dut familiak ere gero eta gehiago ohartzen direla Haur Hezkuntzaren garrantziaz. Umeek jolastu egiten dutela? Bai, noski, jolastu egin behar dutelako, baina Piagetek esaten zuen: haurra ez da jolasten ikasteko, baina ikasten du jolasten delako. Zentzu horretan, gurasoak Haur Hezkuntzaz beste ikuspegi bat izaten ari direla uste dut, eta Ainhoak esan duen bezala, ikastetxe bat aukeratzean, gauza askotan ados egongo dira. Baina era askotako familiak daude, eta errespetatu egin behar dira.

Bidelagunak izateko, hezitzaileak beharrezkoa du lanketa pertsonala egitea.

A.Z.: Bai, guk ikusteko besteari zer gertatzen zaion, zer ez, filtroa gugandik ere pasa beharra dago, eta uste dut, orokorrean, hezkuntzak badaukala hor zer landu asko.
M.J.G.: Arrazoi osoa duzu, oso erraza egiten zaigu bestearena ikustea, baina aurrena guk gurea begiratu behar dugu.
A.Z.: Bestela, gure zailtasuna besteengan proiektatzen ari gara. Eta jakin behar dugu zer den nirea, zer den bestearena, eta bestearena lagundu, ez nirea konpontzen ibili. Hori auto-lanketa handia da.
M.J.G.: Eta norberak egiten badu bere barrualderako bide hori eta hausnarketa hori, prestatuago egongo da gero besteari laguntzeko, haurraren bidelagun izateko.
A.Z.: Errespetuzko bidelaguna izateko gakoa hor dago, nire ustez.

Gurasoak errespetatzea aipatu du lehen Mari Josek.

A.Z.: Umea errespetatzeko eta onartzeko, gurasoak errespetatu eta onartu behar direla uste dut, eta hori ere askotan zaila da, gauzak ez ditugulako berdin ikusten. Baina familia horrela baldin bada, guk egin behar duguna da hortik lagundu. Agian lehen joera zen aldatzea edo gureganatzea, baina ez, beraiek errespetatu behar ditugu, eta errespetu hori sortzen denean, dena ondo joaten da.
M.J.G.: Nik umea ulertzen badut den moduan, familia ere ulertuko dut, eta beraiek ere ni ulertu behar naute naizen moduan, inor ez delako perfektua.
A.Z.: Familia onartua sentitzen denean lasaitu egiten da, eta ireki egiten da. Ederra da hori.
M.J.G.: Horixe da konfiantzazko harremana sortzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!