"Haur eskolak doakoak izatea eta hezkuntzan integratzea eskatzen dugu"

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 7a, 17:04
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Elixabete Uria Manterola (Aia, 1983) Orioko Haurreskolako hezitzailea da duela hamabi urtetik. Goxotasunez eta samurtasunez hartzen ditu haurrak, eta Haur Hezkuntzaz duen ikuspegia partekatu du elkarrizketan.

Haur Hezkuntza etapan –0-6 urte– ezartzen dira umearen oinarri sendoenak, baina 0-3 da garai inportanteena adituen esanetan. Zein da haur eskolen egitekoa, zehazki?

Haurren erreferentziazko pertsonek ume horiek haur eskolara ekartzen dituztenean, beraien zaintza eta heziketa egokia bermatzeaz arduratzen gara hezitzaileok.

Pikler metodoa darabilzue Orioko Haurreskolan.

Hala da. Emmi Pikler Budapesteko [Hungaria] Loczy umezurztegiko pediatra eta zuzendaria izan zen. Ia 2.000 haur behatu eta aztertu zituen. Ondorioztatu zuen haurraren garapena berez ematen dela, modu autonomoan aritzeko aukera ematen bazaio. Piklerrentzat, haurrentzat hoberena da berezko ahalmen hori errespetatzea, bakoitzari bere bidea egiten utzita. Haur eskolan, banakako zaintza momentuak zaindu eta ingurua egokituz, haurrari aukera ematen diogu bere nahi eta erritmoen arabera mugimenduaren garapena egiteko: lurrean buruz gora etzanda egotetik oinez hasi eta trebezia berriak lortu arte. Horretarako, beharrezkoa izango da haurraren beharrak asetuta izatea eta erreferentziazko helduaren begirada eta babesa. Zentzu horretan, etengabe egokitzen ditugu haur eskolako espazioak eta materialak.

Umeari arreta egokia emateko, garrantzitsua da hezitzaileak bere buruari arreta eskaintzea ere, ezta?

Bai. Etengabeko formakuntzaz gain, hezitzaileon arteko komunikazioa eta lankidetza bultzatzen saiatzen gara. Gure lantaldea finkoa da: zortzi hezitzaile finko gara eta elkar ezagutzeaz gain, funtzionamendu bateratua eta sendoa izaten laguntzen digu. Maiztasunez egiten dira hezitzaileen arteko klaustroak haurren eta hezitzaileon arteko zuzeneko behaketa eginez.

Zer gabezia eta erronka ditu gaur egun haur eskolak?

Haur eskola gizartearekin batera aldatzen eta hobetzen joaten nahiko genuke. Horretarako, beharrezkoa da poliki-poliki gure espazioak hobetzen joatea. Gaur egun, eta COVID-19ak eragindako ondorioengatik, badakigu zer onura eskaintzen dituen kanpo espazioak, haurrak aire librean egoteak, eta gure helburua kanpo espazioen balioa handitzea izango da. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaigu Haur Hezkuntzaren balioa indartzea ere. Umearen lehendabiziko 3 urteetako garapenak ikaragarrizko garrantzia izango du bere etorkizunean, eta beraz, HHko lehen zikloa indartzeko eta baloratzeko beharra ikusten da. Eskatzen duguna da haur eskolak doakoak izatea eta hezkuntzan integratzea.

Zuretzat zer da zure lanaren gauza politena?

Haurrak haur eskolara egokitzen direnean eta haur eskolaz disfrutatzen ikusten ditugunean. Haurrengan aldaketak bizitzen ditugunean. Ziklo hau intentsitate handikoa da, eta aldaketa asko bizitzen ditugu beraien bidelagun izanez. Oso polita eta aberasgarria da garai hau.

Bereziki inportantea edo harro sentiarazi zaituen unerik bizi izan duzu?

Familia eta hezitzaileon arteko konexio-zubi polita eraikitzen denean eta tartean dagoen haurra asetuta eta lasai ikusteko aukera dugun bakoitzean. Familiek haur eskolako ibilbidea bukatzear dagoenean adierazten duten esker ona jasotzean....

Zure ametsetako eredutik gertu al gaude?

Nire nahia haur guztiek erreferentziazko helduen begirada eta kalitatezko presentzia baten eskutik hazteko aukera izatea da; eskolan, kalean eta etxean heldua gertu sentituz, seguru eta goxo haz daitezen gure haurrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!