Eraso matxisten aurka etzi manifestatzera deitu dute Urola Kostako zazpi eragilek

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 8a, 18:00
Gaur arratsaldeko agerraldian «nazkatuta eta haserre» daudela esan dute manifestazioaren antolatzaileek. (Aritz Mutiozabal)

Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte lelopean manifestazioa egingo da ostiral arratsaldean Zarautzen, eta protestara deitu dute Orioko Xaltxerak, Zarauzko Bilgune Feminista eta Morroxkak, Zumaiako mugimendu feminista eta Malen Etxea, Getariako Mariñak eta Oneka taldeek. 

Urola Kostako mugimendu feministako hainbat taldek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Zarautzen, azken boladako eraso matxisten aurrean protestara deitzeko. Etzi arratsaldean izango da manifestazioa, 18:30ean, Zarauzko udaletxe aurreko plazatik abiatuta, Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte lelopean.

Herritarrak manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte prentsaurrekoan Xaltxerek, Zarauzko Bilgune Feministak, Zumaiako mugimendu feministak, Getariako Mariñak taldeak, Morroxkak taldeak, Malen Etxeak eta Oneka taldeak. "Indarkeria matxistak dituen askotariko moduek eta erasoek ez dute etenik, eta nazkatuta eta haserre gaude", esan dute. "Orain astebete, Zarautzen izandako eraso matxista larri baten berri izan genuen, eta erasotutako emakumeari gure elkartasuna eta sinesgarritasuna adierazteko eta erasoa  salatzeko elkartuko gara. Hori gutxi balitz, eskualdean, azkenengo hilabeteetan, hainbat salaketa egin dira indarkeria matxista dela eta, eta horiek ere salatuko ditugu", azaldu dute. 

Urola Kostako mugimendu feministako kideek nabarmendu dute "egunero-egunero" lan egiten dutela, "konpromisoz, militantziaz, indarkeria matxistaren aurka eta emakumeon askatasunaren eta jendarte eredu justu eta feminista baten alde. Eta aurrerantzean ere jarraituko dugu, denok aske izan arte". 

Bi ideia nagusi

Agerraldian azpimarratu dute hainbat bide daudela egiturazko arazo horri aurre egiteko, baina bi puntu zehatzetan jarri dute arreta: gizarte osoak duen arduran, eta erasoa jasan duen emakumearen kontra egiteko dagoen joeran. "Batetik, jendartearen ardura osoan egin nahi dugu azpimarra, hau da, bakoitzak jarduten dugun eremuetan dugun arduran eta hartu beharreko konpromiso politikoetan (eta horiek aurrekontuetan ere islatu behar dute), hala tratu onak sustatzeko, nola indarkeria matxista egoerak prebenitzeko, bai eskoletan, bai etxeetan, bai lantegietan, bai mugimendu sozialetan, bai kulturgintzan, bai instituzioetan, bai familian, bai kirol jardueretan, bai tabernetan...".

Bigarren puntuari dagokionez, "erasotuak izan diren emakumeen aurka egiteko dagoen joera salatu nahi dugu, zurrumurruak zabaltzea eta eraso matxistak ukatzea, besteak beste. Nahikoa da! Argi esan nahi dugu: guk sinisten dizuegula. Eta halaxe diogu: 'emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte'".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!