Azken hiru egunetan 267 kasu positibo atzeman dituzte eskualdean

Andoni Elduaien 2021ko abe. 9a, 13:34

Orion hemeretzi kasu positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan: hiru astelehenean eta zortzina asteartean zein atzo. Aian, berriz, zazpi: bina astelehenean zein atzo, eta hiru asteartean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Urola Kosta eskualdean 267 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno testetan. Orion, esaterako, hemeretzi kasu positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan –hiru astelehenean eta zortzina asteartean zein atzo–. 100 puntu baino gehiago egin du gora kasu metatuen tasak, eta egun, 1.484,02koa da. Aian, berriz, zazpi kasu baieztatu dira –bina astelehenean zein atzo eta hiru asteartean– eta 1.460.96koa da intzidentzia tasa.

Dena den, Azpeitian eta Zarautzen detektatu dituzte eskualdeko kasu guztien erdiak baino gehiago; izan ere, 94 kasu positibo atzeman dituzte Azpeitian –39 astelehenean, hamahiru asteartean eta 42 atzo–, eta 86 Zarautzen –26 astelehenean, 38 asteartean eta 22 atzo–. Intzidentzia tasak zazpi puntu egin du behera Azpeitian, baina, hala eta guztiz ere, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako herrien artean zenbateko altuena du Azpeitiak. 2.936,93koa da egun herri horretan duten zenbatekoa.

Zarautzen ere ez dute positibo kopuru askoz txikiagoa detektatu. Azken egunetan baieztatutako 86 kasu positiboen ondoren, herriko kasu metatuen tasa ia 100 puntu igo da astelehenetik, 1.499,12ra iristeraino. Bi herri handienen ondoren, Azkoitian zenbatu dituzte positibo gehien: 34 kasu, guztira –hamabi astelehenean, 21 asteartean eta bat atzo–. Intzidentzia tasak ia 60 puntu egin du gora han astelehenaz geroztik, eta 1.093,22an kokatu da. Zumaian, aldiz, hamar positibo baieztatu dituzte –hiruna astelehenean nahiz asteartean eta lau atzo–. Orioren kontrako bidean, 100 puntu baino gehiago jaitsi da intzidentzia tasa Zumaian; 864,96koa da gaur-gaurko Zumaiako tasa.

5.000 biztanletik behera dituzten eskualdeko herrietan ere hauteman ditu positiboak Osakidetzak. Zazpi kasu positibo zenbatu dituzte Zestoan, eta 1.001,54koa da intzidentzia tasa. Getarian, aldiz, lau kasu atzeman dituzte azken egunetan –bat astelehenean eta hiru atzo–; 1.731,45ekoa da Getariako intzidentzia tasa. Bina kasu positibo detektatu dituzte Aizarnazabalen –bana asteartean eta atzo–, Beizaman –bi atzo– eta Errezilen –bana astelehenean eta atzo–. 1.430,43koa da Aizarnazabalgo intzidentzia tasa, 4.032,36koa Beizamakoa eta 966,18koa Errezilgoa.

73 lagun ZIUn

Hego Euskal Herrian, soilik atzo, 1.877 positibo zenbatu zituzten, eta pixkanaka-pixkanaka hazten doa ospitaleetako presioa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, duela astebete COVID-19ak jotako 215 lagun zeuden Arabako, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 293 dira gaur. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ere, goranzkoa da joera: joan den astelehenean 58 lagun zeuden, eta 73 daude gaur. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa ere hazten ari da, eta egun 791,56koa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!