Binakako Harri-jasotze Txapelketako finalera sailkatu dira Etxeberria eta Eizmendi

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 12a, 16:00

Herri kirol lehia ikusgarria jokatu dute gaur eguierdian Aiako probalekuan. Izan ere, Urrezko Aizkolari Kopako finalerdiak jokatu dituzte sei aizkolarik, eta Binakako Harri-jasotze Txapelketako sailkatze proba izan dute eskualdeko bi bikotek.

Binakako Harri-jasotze Txapelketako bigarren jardunaldi erabakigarria zuten jokoan gaurkoan Jokin Eizmendi zarauztarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak osatuko bikoteak, eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak eta Xabat Olaizola zarauztarrak osatutakoak; Aimar Galarraga oriotarra ordezkatuz aritu da Olaizola. Bi pareak ezin hobeto aritu dira lau harriekin egin beharreko lanetan, eta, ondorioz, abenduaren 31n Asteasun jokatuko den finalerako sailkatu dira.

Eizmendi-Etxeberriak 12.314 kilo altxa dituzte gaurkoan: Eizmendi 18 bider jaso du 150 kiloko laukizuna, Etxeberriak 22 aldiz jaso du 125 kiloko kopa, eta biak elkarrekin 28 jasoaldi lortu dute 113 kiloko kubikoarekin eta 37 jasoaldi 100 kilo bolarekin.

Goenatxo-Olaizolak, berriz, 11.964 kilo lortu dituzte: Goenatxok 14 altxaldi eman dizkio harri laukizunari, Olaizolak 24 kopari, eta biak elkarrekin 28 jasoldi lortu dituzte kubikoarekin eta 37 bolarekin.

Finalean ariko den hirugarren bikotea Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrena izango da. Hain justu ere, hauek izan dira bi jardunaldiak kontuan izanda lehen postuan sailkatu direnak 24.366 kilorekin; Eizmendi-Etxeberria bigarren, 23.728 kilorekin, eta Goenatxo-Olaizola hirugarren, 23.440 kilorekin.

Ikusmina aizkolariekin

Sei aizkolari irten dira plazara Urrezko Aizkolari Kopa - Eusko Label Sariko finalerdiak jokatzera. Hiruko bi txandatan banatu dute proba: lehen saioan Jokin Urretabizkaia Basozabal, Patxi Mintegia eta Hodei Ezpeleta aritu dira nor baino nor, eta bigarrenean Xabier Zaldua, Julen Gabirondo eta Suharri Rodriguez.

Sei kanaerdiko moztu behar izan ditu bakoitzak, eta lehen hiru bizkorrenak sailkatu dira Asteasuko finalerako. Hain zuzen ere, Basozabal (10:54), Ezpeleta (11:27) eta Zaldua (12:46); Gabirondok laugarren bukatu du (13:17), eta Rodriguezek bosgarren (15:39). Mintegiak ez du bere eguna izan eta erretiratu egin da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!