Astelehenetik greba mugagabean daude Logistica y Acabados enpresako langileak

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 18a, 12:00

Urriaren hasieran hasi zituzten lan hitzarmena berritzeko negoziazioak. Harrezkero, bost aldiz bildu dira zuzendaritzarekin, baina langileen esanetan, inolako aurrerapenik ez dute egin; areago, "mahai gainean jarri ditugun eskaerei erantzun ere ez die egin enpresak". Horregatik, presio bide gisa, grebara jo zuten astelehenean, eta harrezkero itxita dago lantegia.

Astearen hasieratik greba mugagabean dira Aiako Ubegun industrialdean dagoen Logyca Logistica y Acabados enpresako langileak. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan enpresak duen jarrera salatu nahi dute horrela. Langileek lan baldintzak hobetzeko eskaera zehatzak egin dizkiote enpresari, baina urriaren hasieratik zuzendaritzarekin izan dituzten bost bileretan ez dute aurrerapenik txikienik ere egin. Horregatik, protestara jotzea erabaki dute. Patxi Uranga da langileen ordezkaria, eta Xabier Agirretxe haiei laguntzen ari den ELA sindikatuko kidea. Karkararekin harremanetan jarri dira Logistica y Acabados enpresako lan gatazkaren berri emateko.        

Aurrena, enpresari buruzko zenbait datu, kokatzeko. Logistica y Acabadosen bi jarduera mota gauzatzen dituzte: batetik, autogintzarako osagarriak margotzen dituzte, eta bestetik, osagarriak biltegiratzen dituzte, beren lantegian zein taldeko beste lantegi batzueetan prestatutakoak, gero garraiolariek banatu ditzaten. Izan ere, Cosmos enpresa taldearen parte da Logyca. Taldeak Nafarroan du egoitza nagusia edo matriza, eta lantegiak, berriz, mundu guztian barrena ditu. Euskal Herrian, Bizkaian du lantegi bat, eta Aian, Logistica y Acabadosez gain, beste lantegi bat ere badu: Estampaciones Guipuzcoa, hain zuzen. 

Espainiako kimika sektoreko lan hitzarmenaren menpe daude Logistica y Acabadoseko langileak, eta horretaz aparte, enpresako lan hitzarmena izan dute orain arte. Hitzarmen horren indarraldia, ordea, iazko urtearekin batera bukatu zen, eta berritzea tokatzen zitzaien aurten. Udako oporraldiaren ostean hasi ziren horretan, urriaren hasiera aldera, baina orduz geroztik ez aurrera eta ez atzera daude. Langileek lehengo lan hitzarmena hobetzeko hainbat eskaera egin dizkiote enpresari, "behar-beharrezko hobekuntzak", beren esanetan. Honakoak dira egin dizkioten eskaera garrantzitsuenak: soldatak KPI gehi %0,5 igotzeko; lan egutegia eta ordutegiak beste era batera antolatzeko; errelebo kontratuak egiteko erraztasun handiagoa ematekok; eta Aldi Baterako Lanerako Enpresen (ABLE) erabilera murrizteko.     

Urangak eta Agirretxek banan-banan azaldu dituzte hobekuntza horiek eskatzeko zergatiak. Soldata igoera izango litzateke, langileek erosteko ahalmenari eusteko; errelebo kontratuak egiteko erraztasunak, lantaldearen parte handi batek 50 urtetik gora badituelako; eta ordutegiak eta egutegia beste era batera antolatzeko eskaera, langileek atseden egun gehiago izan ditzaten. "Kontua da egunean zortzi ordu baino gutxixeago sartzen ditugula, eta enpresak zortzi ordura arte gelditzen den denbora hori baliatzen du jaiegunetan ere lanera joatera behartzeko", azaldu du Urangak. "Ondorioz, urte guztian ez dugu zubi bat egiteko aukerarik ez izaten; beste guztiek jai dutenean, guk lanera etorri behar izaten dugu". Ziurtatu du egun horietan egiten dituzten lanak ez direla izaten hil ala bizikoak; "hurrengo egunean berdin-berdin egin genitzakeen lanak izaten dira".

"Prekarietaterik gordinena"

ABLEen erabilera murrizteko eskariaren nondik norakoak, berriz, Agirretxek kontatu ditu. "Gauza da lantaldearen ia erdia ABLE bidez kontratuta dagoela. Uneotan, enpresak zuzenean hogei langile ditu kontratatuta, eta beste hamalauak ABLE bidez kontratutakoak dira". Urangak zehaztu du izan direla boladak enpresako hogei lagun eta ABLE bidez kontratatutako 27 lanean jardun direnak ere. "Non ikusi da horrelakorik?". Zentzu horretan, enpresari eskaera argia egin diotela esan du Agirretxek: "Eskatu dioguna da egiturazko lanpostuak betetzeko beharrezkoak dituen langileak zuzenean kontratatzeko, ez ABLEen bidez, langile horien ezegonkortasuna erabatekoa delako". Urangak eman ditu horren adibideak: "Badira ABLE bidez kontratatutako langileak lantegian sei urte daramatzatenak. Hilabete batzuetarako kontratua egiten diete, gero kaleratu egiten dituzte, gero berriz hartu, eta horrela. Azkenaldian, gainera, langile horiek langabezia saria jasotzea oztopatzen ari da enpresa; 11 hilabetez lan egin eta kaleratu egiten ditu, eta hilabete batengatik langabezia kobratu ezinik uzten ditu. Ikaragarria da". Langile horiek "prekarietaterik gordinena" bizi dutela salatu du Agirretxek, "ezertarako eskubiderik ez" dutela eta enpresak "nahieran" erabiltzen dituela.  

Aldarrikapen eta eskaera gehiago ere badituzten arren, horiek dira langileek ezinbestekotzat jotzen dituztenak. Zuzendaritzak, ordea, negoziatzeko inolako borondaterik ez duela erakutsi diote. "Bost aldiz bildu gara, eta egindako eskaerei erantzun ere ez die egin; esan digun bakarra da ez daukala horiek onartzerik", argitu du Agirretxek. "Hurrengo bilera astearte arratsaldean daukagu, eta esan digu bilera horretan guk egindako eskaera guztiei puntuz puntu erantzungo diela. Ea horrela den". 

Ikusteke dago bilera horrek zer emango duen, baina langileek gauza bat garbi dute: lan baldintzak hobetzeko borroka egingo dutela. Uranga: "Multinazional baten kontra ari gara, eta badakigu ez dela erraza izango, baliabide asko baititu eskura. Horren adibide da hemengo lan karga guztia Madrilen duen beste planta batera eraman duela, itxierak eragin ez diezaion. Hala ere, guk gurean jarraituko dugu, lantegi honetan ditugun baldintzak ez baitira onartzeko modukoak". Lan gatazkari ikusgarritasuna emateko, langileak egunero elkartzen dira protestarako. Atzo, esaterako, bi elkarretaratze egin zituzten Estampaciones Guipuzcoaren atarian; goizean bata eta eguerdian bestea. Datozen egunetan bide beretik jarraituko dute; ez dute etxean gelditzeko intentziorik.

Karkara saiatu da enpresarekin harremanetan jartzen, baina, momentuz, ez du inorekin hitz egiterik lortu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!