79 eta 34 kasu detektatu dituzte Orion eta Aian azken hiru egunetan, hurrenez hurren

Anartz Izagirre 2022ko urt. 6a, 14:20

Orioko intzidentzia tasa 5.039,14 da gaur gaurkoz, eta Aiakoa 5.239,29. Eskualdean 1.380 izan dira kasu positiboak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta etenik gabe goraka jarraitzen dute herri gehienetako intzidentzia tasek. Orion, zehazki, 79 kasu positibo detektatu dituzte eta intzidentzia tasa 5.039,14 da gaur gaurkoz. Aian 34 izan dira positiboak, eta 5.239,29 da intzidentzia.

Guztira, 1.380 izan dira eskualdean emaitza positiboak, eta horietatik 342 Azpeitian atzeman dituzte. Beste behin, marka guztiak hautsi ditu hango intzidentzia tasak, eta une honetan 8.600,53koa da tasa, eskualdeko herri denetatik altuena. Azkoitian ere nabarmen egin dute gora kasuek, eta 315 positibo zenbatuta, 8.161,56ra igo da tasa; horrenbestez, tasarik altuena duen Urola Kostako bigarren herria da.

Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea, eta 288 kasu berrirekin 5.563,88an kokatu da hango tasa. Zumaia da hurrengoa kasu kopuru altuenen zerrendan, eta 180 positibo berri zenbatuta, 7.189,29ra igo da tasa metatua. 5.000 biztanletik beherako herrien kasuan, bestalde, honakoak dira zenbatutako kasu kopuruak eta tasak: Getarian 62 kasu eta 7.349,82ko tasa, Zestoan 58 kasu eta 6.317,41eko tasa, Errezilen hamalau kasu eta 4.347,83ko tasa, Aizarnazabalen zazpi kasu eta 6.371,91ko tasa eta Beizaman kasu bat eta 4.032,26ko tasa. Horrenbestez, herri guzti-guztietan zenbatu dituzte azken hiru egunetan positiboak.

Hego Euskal Herrian, 16.642 positibo

Koronabirusak eragindako positibo kasuek hedatzen jarraitzen dute Hego Euskal Herrian ere, eta atzo, asteazkena 41.669 PCR eta antigeno probetatik 16.642 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, honakoak dira datuak: Bizkaian 7.197, Gipuzkoan 3.934, Nafarroan 3.384 eta Araban 2.005. Bestalde, Nafarroan %47,9 da positibotasun tasa, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %38,3.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, 753 pertsona daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 122 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 241 pertsona daude erietxeetan eta 21 dira ZIUetan daudenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!