Aiakoak eta Oriokoak batuta, 104 positibo zenbatu dituzte azken lau egunotan

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 10a, 16:42

100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak berriz ere bi herrietan egin du gora; gaur-gaurkoz, 5.316koa da Oriokoa eta 6.095ekoa Aiakoa. hego Euskal Herrian, berriz, 10.037 positibo atzeman zituzten atzo, eta azken astean 50 lagun hil dira COVID-19ak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu dituen datuen arabera, lehengo lepotik burua. Ostegunetik igandera 77 positibo baieztatu dituzte Orion, eta beste 27 Aian. Ondorioz, azken asteetako joerari eutsi dio intzidentzia tasak, eta koska bana egin du gora bi herrietan: gaur-gaurkoz, 5.316koa da Oriokoa eta 6.095ekoa Aiakoa.

Urola Kostan, berriz, 1.255 potisibo zenbatu dituzte lau egunotan. Aurreko eguneratzean, Errege egunean atera zutenean, aurreko hiru egunetan atzemandako 1.380 kasuren berri eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Beraz, kopuruak oso handia izaten jarraitzen badu ere, joan den astetik birusaren hedapena zertxobait baretu dela esan daiteke.

Hala ere, intzidentzia tasak gora egin du beste behin herri handienetan. Azkoitian eta Azpeitian 9.000ko langa gainditu du tasa horrek. Azkoitiak Azpeitiari aurrea hartu dio, gainera: 9.296koa da gaur-gaurkoz intzidentzia tasa Azkoitian, eta 9.119koa, Azpeitian. Azken lau egunetan, 212 positibo zenbatu dituzte Azkoitian eta 266 Azpeitian.

Positibo gehien, 381, Zarautzen agertu dira, eta 6.035era igo da intzidentzia metatuaren tasa eskualdeko udalerri populatuenean. Zumaian 169 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan eta han ere gora egin du intzidentziak, 7.886ra iritsita. Esan bezala, Orion ere igo egin da intzidentzia, baina 5.000 biztanletik gorako herrien artean igoera apalena izan da Oriokoa.

5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Getarian 55 positibo zenbatu ditu Osakidetzak eta 8.339raino igo da herriko intzidentzia tasa. Zestoan ere pixka bat igo da intzidentzia, 6.343n kokatuz; 50 positibo izan dituzte han aurreko lau egunetan. Aizarnazabalen bost positibo azaleratu dira eta han 4.941era jaitsi da intzidentzia. Errezilen hamabi kasu zenbatu dituzte, eta 5.797ra igo da hango intzidentzia. Beizaman, azkenik, ostiralean zenbatu zuten azken lau egunetako positibo bakarra, eta 4.032ko tasarekin, mantendu egin da han intzidentziaren datua.

10.037 positibo Hego Euskal Herrian

18.766 diagnostiko proba egin zituen atzo Osakidetzak, 3.770 proba egin zituen Osasunbideak, eta guztira 10.037 positibo azaleratu ziren proba horien ondorioz: 883 Araban, 4.087 Bizkaian, 2.761 Gipuzkoan, eta 2.246 Nafarroan. Osakidetzak atzo egindako diagnostiko proben %41,5 izan ziren positiboak, eta Nafarroan ia %60ra iritsi zen positibotasuna.

Nafarroan bi pertsona hil ziren atzo COVID-19ak jota. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaurko txostenean eguneratu du azken astean hildakoen kopurua: 50 pertsona hil dira tarte horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez.

Erietxeetako egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 938 gaixo daude Osakidetzaren sareko ospitaleetan, eta horietatik 142 ZIUetan daude, joan den asteazkenean baino 20 gehiago. Nafarroako ospitaleetan 250 lagun daude COVID-19agatik ingresatuta, eta horietatik 31 daude ZIUetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!