COVID funtsetatik eratorritako 204.698 euro jasoko ditu Orioko Udalak eta 68.761 euro Aiakoak

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 18a, 16:03

Gipuzkoako Foru Aldundiak 62,9 milioi euro jaso ditu Espainiako Estatuak pandemiaren eraginek sortutako ezohiko gastuei aurre egiteko banatutako diru poltsatik, eta horietatik 25,1 milioi lurraldeko udalen artean banatzea erabaki du.

Hego Euskal Herriko erakundeek ezohiko diru ekarpena jasoko dute pandemiak aurrekontuetan eragindako kalteei aurre egiteko. Espainiako Estatuak eratutako COVID funtsetik eratorritako ekarpen horiek lurralde historikoen artean proportzionalki banatzea erabaki zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den abenduaren 28an, eta banaketa horren arabera, 188 milioi euro ziren, guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean banatu beharrekoak, eta 62,9 milio eskuratu ditu Gipuzkoak.

Joan den astean, kopuru horren %40, 21,5 milio euro, lurraldeko udalerrien artean banatzea erabaki zuela jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Banaketa hori ere modu proportzionalean egin du aldundiak, udalak finantzatzeko foru funtsa (UFFF) banatzeko erabiltzen dituen irizpideak jarraituz. Horrenbestez, Orioko Udalak COVID funtsetik eratorritako 204.697,94 euro jasoko ditu eta Aiako Udalak 68.761,39 euro.

Osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak bezalako "oinarrizko zerbitzu publikoak" indartzeko ez ezik, "beste eskumen batzuk baliatzeko ere" erabili ahalko dute udalek COVID funtsaren ekarpena, aldundiak azaldu duenez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!