Emakumeen harrobia sendotzen

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza 2022ko ots. 25a, 15:17

Pixkanaka izan arren, herri kiroletan ere ari dira gehitzen emakumeak, eta baita haientzako antolatzen dituzten txapelketak ere. Harri jasotzea da adibiderik argiena. Gipuzkoan dauden bi harri eskoletan zortzi emakume ari dira gaur egun, eta hasiberriak dira horietatik gehienak.

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioan 33 emakume daude federatuta, hemezortzi modalitateetako kirolariak kontuan hartuta. Beste kirol batzuekin alderatuta, kopurua ez da hain handia, baina gora ari da egiten. “Lanketa bat dago horren atzean. Gure helburuetako bat zen emakume gehiago ikustea herri kiroletan”, esan du Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Federazioko lehendakariak —2020an hartu zuen kargua, eta lehen emakumea da postu horretan—. Uste du pentatloiak izandako arrakastak, crossfit munduko jendea erakarri izanak, harri eskolak egoteak eta beste hainbat faktorek izan dutela eragina gorakadan.

Pozik daude federazioan, duela bizpahiru urte baino bospasei txapelketa gehiago antolatu ahal izango dituztelako aurten emakumeentzat. “Niretzat, behintzat, aldaketa handia da hori”, dio Etxabek. Haren esanetan, orain arte herri kirolek zuten irudia ez zen oso erakargarria neskentzat. Badaki horri ezin zaiola egun batetik bestera buelta eman, baina ikusten ditu urratsak. “Orain nesken profila ere pixka bat aldatzen ari da, eta gehiago animatzen dira. Zenbat eta neska gehiago, orduan eta profil desberdinagoak, eta neska gehiago etortzeko aukera gehiago”.

Kirolari horien adina egiten zaio bereziki pozgarria, gazteak baitira asko. “Urteetan jarraitzeko eta plazak betetzeko aukera ikusten diet herri kiroletan hasi berri diren neskei”. Hain zuzen, sare sozialen bidez ere ari dira ahalegin bat egiten federazioan, gazteak erakartzeko. Argi du: plazan badago lekua emakumeentzat. “Mutilek izan badute hainbeste urtean, neskek ere bai”.

Harri jasotzea da, akaso, egiten ari diren aurrerapausoen adibiderik argiena. Eskoletara jo dute hainbat emakumek, ikasteko eta plazarako urratsa egiteko. Etxaberen ustez, bidea errazten dute eskolek. “Azken batean, futbolean jolastu nahi duenak badaki nora jo behar duen, baina herri kiroletan aritu nahi duenak ez dauka hain erraza, oraingoz”. Beste herri kirol batzuetan ere, talde edo eskola erreferente batzuk izateak lagundu egingo lukeela uste du.

Bi harri eskola

Bi harri eskola daude Gipuzkoan: Joseba Ostolaza harri eskola Aian eta Izeta harri eskola Zarautzen. Ostolazak 30 urte inguru egin zituen harri jasotzen. Gogoratu du urte horietan guztietan hiruzpalau emakume baino ez zirela aritzen harriarekin: Mari Jose Sardon, Miren Urkiola, Idoia Etxeberria eta Estitxu Almandoz. “Bi baino gehiago batera ez ziren izaten”.

Egun, astero bost emakume entrenatzen ditu bere eskolan. Udane alaba da horietan beteranoena: 16 urte baino ez ditu, baina umetan hasi zen, duela zortzi-bederatzi urte. “Idoia Etxeberria ere hemen ibiltzen zen, eta pixkanaka, deialdiak eginez, joan dira etortzen emakumeak”. Astean behin edo bitan elkartzen dira entrenatzeko. “Harria jasotzen erakusten diet, minik ez hartzeko eta lesiorik ez izateko”. Horri lotuta, jende askok uste duenaren kontra, harri jasotzeak oso lesio gutxi eragiten dituela nabarmendu du Joseba Ostolazak.

Erreportajea irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!