MEMORIA HISTORIKOA

Iritzia: Hitzak baino gehiago

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 11a, 13:00

Juan Luis Romatet kazetariak eta GUKA gehigarriko memoria historikoari buruzko erreportajearen egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Herri bedeinkatu edo madarikatu honetako familia askok bezala -bakoitzak erabaki dezala nola kategorizatu ditxosozko herri hau-, gure sendiak ere sufritu behar izan ditu 1936ko gerraren ondorioak: aitona bat, amaren aita, gudaria izan zen; aitaren ama, gure amama, alabak eskutik hartuta zituela kanporatu zuten herritik 1937ko otsailean, orduko agintariek  Zumaiako ehunka lagun haien jaioterritik, haien etxetik, haien familiartetik aldentzea erabaki zutelako; eta beste aitonak, aldiz, burdinbidean egiten zuen lan, eta hura ere errepresaliatu egin zuten frankistek. Ai, zer den gerrako galtzaileen bandoan egotea. 

Guda hark gure familian izandako eraginaz gutxi hitz egin dugu etxean. Amak oso noizean behin aipatzen zuen bere aitak gerran borroka egin zuela. Amamak eta izebek pasatu behar izan zuten gurutze bidearen inguruko informazio gehiago izan genuen kanporatzeen 80. urteurrenarekin batera Zumaian egindako omenaldiari esker. Urtebete lehenago, 2016an, trenbideetako langileak omendu zituen Gipuzkoako Aldundiak, eta une hartan jakin genuen -nire kasuan, behintzat, hala izan zen- frankisten garbiketa prozesua jasan zuela gure aitonak, beste ehundik gora langilerekin batera. Frankismoaren zorigaiztoko aro ilun, krudel eta odoltsuan izan ziren sarraskiekin eta tragediekin alderatuta, txikikeria izango da gure familiak gerla hartan pasatatutakoa. 

Beste etxe batzuetan, garai beltz hartan bizitako gertaerek sortzen zieten minagatik, beldurragatik edo beste arrazoi batzuengatik mantendu dituzte isilik, barrenean gordeta, azaleratu gabe. Sendatzen ez diren zauriek gangrenatzeko arriskua dute, eta halako dezente gertatuko ziren. Zenbat gizon eta emakume zenduko ziren beren gurasoen nondik norakoak jakin gabe? Zenbatek jasan behar izango zuten irabazleen krudelkeria 'okerreko aldean' borrokatu zutelako? Zer pentsatuko ote dute gerran desagertutako gudarien, milizianoen edo soldaduen seme-alabek, politikariren bat, ustez ironikoki, "hemen datoz aitonaren kontuekin" bat esaten entzuten dutenean? Erreparazio eskaera horiekin "zauriak zabaltzera" datozela irakurtzean, zer pasatuko ote da hobi komun batean lurperatuta dagoen pertsona baten bilobaren burutik? Zer Espainiako Gobernuko presidente batek, harro-harro, memoria historikorako ez duela sosik bideratuko dionean? Zer diktadorearen jarraitzaileak berriro parlamentuetan ikusten dituztenean, gainera, aginte postuetatik geroz eta hurbilago?

Memoriarik gabe ez dago herririk, eta, zorionez, herriaren eta herria osatzen duten guztien memoria berreskuratzeko lan asko egin da azken hamarkadetan. Zer gertatu zen jakin behar dugulako. Asko zendu dira dagoeneko, baina haien oinordekoak hor daude oraindik, eta erantzun eske jarraitzen dute; erreparazioa zor zaie. Horregatik bakarrik lanean jarraitu behar da. Memoria eta duintasuna ez direlako hitz hutsalak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!